Ustezko

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone 2021ko api. 12a, 12:07

  "Esango bazenu ustezko kobidak hildako gehientsuenak jada ondo izorratuak zeudela, jendeak lepora egingo lizuke salto, baina edozein sasiargudio da ona kausa bakunistarengatik". Esaldia ez da nirea; Twitterren irakurri dut eta bai, lagunok, 2021eko apirilean oraindik bada, antza lotsa handirik sentitu gabe, birusari ustezko izenlaguna gehitzen dionik.

            Egilea nor den? Bada, ez da ez Trump ez Bolsonaro; izan ere, ez dut euskaratu behar izan, jatorrizko bertsioa euskaraz heldu zelako. Baina berdin da nork idatzia den; ez nuen hona ekarriko, pentsatuko ez banu aski jarrera hedatua dela gure artean ere. Iñaki Segurolak berak errana du ez duela "birusa ikusi", eta errana du non eta txertoekiko jarrera kritikoak –erran nahi baita, txertoen kontrako jarrerak– hauspotzen dituen euskarazko agerkari digital batean.

            Nolanahi ere, zailagoa egiten zait txioaren bigarren zatia ulertzea. Hildako gehienak "jada ondo izorratuak zeuden". Alegia, bertzelako eritasunak bazituztela. Ez dakit horrekin erran nahi ote duen hiltzea merezi zutela, bizimodu ez osasuntsu eraman izanaren ondorioz; edo, jartzekotan, maskara haiei jantzarazi beharko litzaiekeela, bizimodu naturista osasuntsu eredugarria daramatenak salbuetsita, hauek ingurukoak kutsatzeko arriskurik ez balute bezala.

            Galdeginez gero, Euskal Herrian horrelako ikuspuntuak defendatzen dituztenak ezkertiarrak direla erranen dizute. Bide alternatiboak bilatzen dituztela. Eta horretan ni ados nago. Alternatiboak dira, AEBko alt right alternatiboa den neurri eta zentzu berberean hain zuzen ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!