San Balendin

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone 2021ko ots. 15a, 12:22

Joan zaigu urteko bestarik menostuena. Nik, dena den, gustuko dut San Balendin eguna. Ez zait, behinik behin, normal-normal ospatzen ditugun bertze besta batzuk baino eskandalagarriagoa iduritzen, eta ez diot deus txarrik ikusten ondoan dugunari tarteka maite dugula ozenki adierazteari. Edozein egunetan, prefosta. Baita otsailaren 14an ere.

Gaurko gizartean gaizki ikusia dago norbaitenganako amodioa erakustea; edo ongi ikusia dago horrelako adierazpenak deitoratzea eta mespretxatzea. Maitasun erromantikoa omen; beraz, kontsumismo, matxismo eta horterismo iturria bertzerik ez. Edo iturri ez bada, bai bederen isla, edo sintoma. Ez dakit. Ez naiz teoria lacandarrean aditua.

Bitxia da, halere, animaliak, etxekoak batez ere, zenbat maite ditugun erratea, oihuka erratea ere, zilegi dela. Niri, berriz, aise kezkagarriagoa iduritzen zait zakurrei eskatzen eta eskertzen diegun amodio mota: otzana, mugarik eta baldintzarik eta gatazkarik gabea. Maitatua gurekin telebistako mandoagatik lehian ez aritzea bide da inportanteena. Ildo beretik, iazko apirilean gure zutabegileetan zutabegileenak idatzi zuen kontent zela pandemiak maitalerik gabe harrapatua zuelako: noizbehinkako larru-jotzeak ez zukeen justifikatuko balizko bikotekidea  jasan beharra. Ez dakit, bada. Egotekotan, nor dago maitasun erromantikoaren ideiaren menpe, harreman perfekturik ez dagoelakoan harreman oro arbuiatzen duena, edo harreman oro akastuna dela onartuta egunero harreman horren baldintzak negoziatzen saiatzen den bikotea? Galdera erretorikoa da, jakina.

 Nolanahi den ere, gaurko predikuarekin norbait asaldatzen hasia balitz, egon dadila trankil. Nik ere ez nuen atzoko besta ospatu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!