Bizitza paraleloak

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone 2020ko abe. 21a, 12:00

Hainbat urtez, politikari frankoren ahotik aditu behar izan dugu monarkiak ez dituela erakartzen, ez direla monarkikoak, aukeran errepublika nahiago luketela, baldin eta Espainiako erregea –orain emeritua– hain hurbila eta jatorra eta atsegina ez balitz. Horiexek dira, juankarlista ohiak alegia, orain erraten digutenak inportanteena monarkia dela eta ez monarkaren portaera pribatua; Espainiako erregearen ustezko bertuteak goraipatzen zituztenak dira orain azpimarratzen digutenak pertsona eta erakundea bereizi egin behar direla, nahiz eta erakunde horretan postua eskuratzeko pertsona jakin bat izatea den eskatzen den meritu bakarra.

Ustezko iruzurrak eta ustezko lotsagabekeriak bata bertzearen gibeletik atera ahala, tertulietan gogorarazten digute emerituak Espainiako demokraziari egindako ekarpena –naski istorio honetan ustezkoa den gauza bakarra–. Eta lasai egoteko, epaitu behar badute, epaituko dutela. Bai horixe: haren maitaleei maitale deitzera ez dira ausartzen oraindik, eta aurpegira ebasle deitzera ausartuko dira.

Kontrakoa frogatu artio Espainiako errege emeritua errugabea dela oroitarazten diguten tertulia eta egunkarietan, "el terrorista Otegi" ohiko sintagma bihurtu da. Otegiri eta Bateragune auzikoei dagokienez, ez omen da pertsona eta erakundea bereizi beharrik. Epaile batek terroristak direla erabakiko balu, EH Bildu ez ezik, EH Bildurekin paktatu duten guziak ere terroristak lirateke, bai eta paktu horietarik sortu diren aurrekontuak ere. Eta hori frogatzeko epaile txit demokratikoek arau eta aurrekari guziak hautsi eta Bateragune auziko jendea bi aldiz epaitu behar badute, bada, bi aldiz epaituko dute.

Batzuk bi aldiz, bertze batzuk behin ere ez. Diotenez, Espainiako errege berriak, legearen aitzinean berdinak garela erranen du Eguberrietako diskurtsoan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!