Konplizeak

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone 2020ko abe. 14a, 11:44

Cançons d'amor i de pluja liburuko lehen ipuinean, Sergi Pàmiesek teoria hau aurkeztu zigun: euripean maiteminduz gero, amodioak luzeago irauten du, maitasuna eguraldi onarekin sortzen bada baino. Ariketa alderantziz ere egiten ahalko genuke: maitasun istorioak zenbat iraun duen ikusita, kalkula genezake zer denbora klase izan genuen maitemindu ginen egunean.

"Behin, astelehen batean maitemindu nintzen" bota zuen Idoia Torregaraik tarteka txiokatzen dituen mikroipuin horietarik batean. Fama txarra dute astelehenek, baina batek daki, beharbada itxaropen handirik gabe hasitako amodio hori hondarrean sendoagoa izan zen ortzilareko edo larunbateko euforiarekin hasten diren anitz baino.

"Konplizitate iraunkorra nahiago dut, maitasuna baino" irakurri nion behin Harkaitz Canori, aspaldian. Ez diot, halere, berriki artio arreta handiegirik eskaini esaldiari, baina nire maitasunek –hala euripekoak nola eguzkipekoak, hala astelehenekoak nola asteburukoak– aski figura itxuragabea osatzen duten bezala, konplizitate kontuetan ere ez naiz bereziki ongi ibili: konplize izan nahi zuen mutikoa lekutu nuen haurtzaroan; heldutan, ez nintzen konplize ederra izateko ezaugarri guziak betetzen zituena atxikitzera ausartu; eta, pare bat aldiz, konplize nahi nituenak izan dira boikot mingarriena egin didatenak.

Liburu berriaren aurkezpenean, komunitate baten partaide sentitzen delako idazten duela euskaraz, erran du Joseba Sarrionandiak. Nik, berriz, komunitate horren partaide sentitzen ez naizen arren idazten dut euskaraz. Denak ez ditut maite, ez baititut denak konplize. Baina konplize batzuk baditut, eta horrek bulkatzen nau aitzinat. Astelehen euritsuko konplizitate ttiki batzuen truke abandonatu dut maitasun unibertsala. Uste dut irabazle atera naizela.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!