Ekarpena

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone 2020ko aza. 23a, 12:53

  Eguesibarko Kultura eta Euskara zinegotziak, Navarra Sumako Inmaculada Mugicak, erran du nafarren % 7k baizik ez dutela euskara normalean erabiltzen, eta oraindik gutiago direla, % 4 hain zuzen ere, etxean hizkuntza horretaz mintzatzen direnak. Horrela justifikatu du Eguesibarko Udalak Euskaraldiarekin bat ez egitea.

            Nik ez dut Mugicari kontra egiteko daturik, eta, iturri ofizialak aipatu dituenez, oraingoz ontzat emanen ditut haren zifrak. Horrela, segur aski arrazoi du Mugicak, betiere onartzen badugu haren abiapuntua zuzena dela.

            Zenbaitetan, eztabaida pizte aldera, klasean galdegiten dut zein den hezkuntza sistema edo zein den osasun sistema hoberena, publikoa edo pribatua. Pribatua erantzuten dute ikasle frankok, batzuek penatuta, eta bertze batzuek kontent. Inor gutik botatzen du nik aditu nahiko nukeen arrapostua, alegia galdemodu hori desegokia eta tranpatia dela, galdera ez dela zein den hoberena, zein nahi dugun hoberena izatea baizik, sosa nahi dugun hartara bideratzeko.

            Mugicaren ehunekoez ari garelarik ere, galdemodua ez da zenbatek  egiten duten euskaraz Nafarroan, galdemodua da egiten duten horiek, guti izan ala anitz izan, euskaraz egiteko eskubiderik ote duten, eta baiezkoan, zer egiten ari garen eskubide hori babesteko. Galdemodua da belarriprestek euskalduna hizkuntza aldatzera behartzen ez duten heinean errespetuari eta elkarbizitzari ekarpen itzela egiten badiete, orduan Mugicaren hitzek zeri egiten dioten ekarpena. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!