Aukera

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone 2020ko aza. 2a, 12:51

Joan den larunbat goizean, aurreztu beharraz aritu ziren Espainiako Radio Nacionaleko tertulian. Etorkizunari begira, sosa altxatzea zeinen gomendagarria den azpimarratu zuten, moralkeria jasanezinaz azpimarratu ere, eta zeinen eskasa den hemen –alegia, Espainian eta, hedaduraz, Hego Euskal Herrian– dirua aurreztearen kultura. Denak dotoreagoa iduri baitu kultura solasa tartekatuz gero. Ez zuten galdegin, halere, jendeak, lanik ez duen jendeak, ERTEn dagoen jendeak, hilean 600 euro edo gutiago kobratzen duen jendeak, zer aurrezturik ote duen. Baina lana prekarizatu duten mila erreformaren ondotik, hain erraza eta erosoa da ardura guzia herritarren bizkar gainean paratzea.

            Krisiak gure burua berrasmatzeko aukera ona izaten dira. Horra bertze ideia gorrotagarri bat. Gorrotagarria zeren, eginahal guziak eginda ere ezin kontrolatu dugun egoera batean, berriz ere jendearen gainean jartzen baitu egoera horretatik ateratzeko erantzukizun guzia: krisian hondoratuko bagina, gure errua litzateke, ez baitugu jakin, ez baitugu aski irudimenik edo aski gaitasunik izan gure burua berrasmatzeko. Krisiak aukera direla dioenak krisiari etekina ateratzen ari zaiolako edo ateratzea espero duelako erraten du hori. Bertzenaz, krisiak ez dira sekulan onak izaten. Edo, onak izatekotan, elkar babesten eta elkarri laguntzen ikasteko izan behar lukete onak. Ongi izan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!