Kafe luzea

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone 2020ko urr. 26a, 12:32

Kafe luzea eskatu izan dut aspaldi honetan, goizeko hamaiketan lankideekin ostatu batera joaten nintzelarik. Kafezalea naiz, eta berdin edaten ahalko nukeen deskafeinatua edo ebakia edo kafesnea, baina azkenaldi honetan kafe luzea nahiago izan dut hartu. Horrek burugogortasun pixka bat eskatzen du, militantzia pittin bat, maiz azaldu behar izaten baitut kafe luzea ez dela kafe amerikanoa, eta azalduta ere kamareroek ez didate beti kasurik egiten.

            Essays in love liburuan –Maitemindurik idatzitako saiakerak edo litzateke euskaraz–, Alain de Bottonek dio, gurekin bizitzera etorri baino lehen, maite dugun horrek gauza aunitz uzten dituela gure etxean: oharkabean kopiatu dizkiogun keinuak, gure mintzoan erabiltzen hasi garen haren erramoldeak, orain gureak ere badiren haren zaletasun batzuk. Berdin gertatzen da adiskideekin konpartitzen ditugun gustuekin: gure etxe imajinarioko apalategiak hornitzen dituzte. Maitale edo adiskide izan gabe, hirugarren jende klase bati gauzak ebatsi egiten dizkiogu; gu gustuko ote gaituen jakin gabe gustuko dugun jendeari, edo gure bizitzatik oinaztura bezain agudo sartu eta aterako den jendeari, zer edo zer ebatsi behar izaten diogu, gerora hartaz oroituko bagara. Nik kafe luzea lankide bati ebatsi nion; edariaren gustu kiratsak haren oroitzapena ekartzen dit. Plazer ttiki sekretu horiek aitzinat seigtzeko indarra ematen digute. Izan ongi.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!