Gai honen inguruan gaur prentsaurrekoa eman du STEILASek. Hona hemen bertan azaldutakoa:
2007-2011 paktua amaitu zenetik, errealitatean 2009. urtean, gure lan harremanak erregulatzen dituen marko legal baten faltan aurkitzen gara, bereziki, interinoak. Elkarrizketarako eta negoziaziorako Iribasen Departamentukoen aldez aurretiko jarrera ezak, gure eskubideak defendatzeko, behin eta berriz auzitegietara jotzera behartzen gaitu.
Auzitegiak STEILASi arrazoia eman dio eta sententziak agerian uzten du Hezkuntza Departamentuak urte osoko bakantea ez duten irakasleei Gabonetako eta Aste Santuko egun ez lektiboak ez ordaintzearen jarrera ez datorrela legediarekin bat.
2012-2013 urtera jo behar dugu, non momentu honetan Iribasek gidatzen duen Departamentuak, hezkuntza publikoan murrizketa latzak egiten ari zen bitartean, interinoen aurka beste eraso bat egin zuen, ikasturte horretatik aurrera eskola egunak ez diren gabonetako eta aste santutako oporretako egunak ez zirela ordainduko iragarriz.
Une hori arte, ikasturtean zehar ordezkapenak betetzen zituzten irakasleei, kontratua bukatzen zitzaienean, kitapena egiten zitzaien eta ordaintzen zitzaien laneko denboran sortutako oporren zenbatekoa. Hala ere, orain dela hiru urte hasi ziren kitapenetik kentzen 12 egun, Eguberritako oporren 8 egun eta Aste Santuko 4 egun, eskola-egunak ez direnak, zeren Departamentuak hartzen baititu egun horiek izandako opor egun gisa.
Dena dela, argudio honek langile kontratatuen eta funtzionarioen arteko berdintasun printzipioa hausten du, azken hauei ez baitzaizkie egun horiek opor gisa hartzen, oporraldia uztailean edo abuztuan izaten dutelako. Eta, hain zuzen, argudio honekin, STEILASeko afiliatu interino batek, sindikatuaren zerbitzu juridikoak lagunduta, aurkeztu zuen eskabide bat, lehenik, Giza Baliabideen Zerbitzuko buruari zuzendua eta gero Gora Jotzeko errekurtso bat, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilariari zuzendua. Bi-biak ezetsi ziren garai batean.
Orain, Administrazio Auzien Iruñeko 1. Epaitegiak, kontrako errekurtsorik onartzen ez duen auto irmo baten bidez, arrazoia eman dio STEILASek defendatutakoari eta behartu du Departamentua opor egun gisa ez hartzera 2012-2013 ikasturteko Gabonetako eta Aste Santuan eskola-egun izan ez zirenak. Gainera, Departamentuak ordaindu beharko dio 12 egun horiei dagokien zenbatekoa.
Sententzia hau gainerako interinoei zuzenean zabaldu ez zaien arren, halako kasu bat epaitegietara eramaten eta irabazten den lehenengo aldia da. Horrela, litekeena da antzeko helegiteen aurrean epaileek interinoei arrazoia ematea.
Zentzu horretan, egoera berdinean dauden interino guztiei erreklamatzeko gonbitea luzatzen diegu, eta horretarako eman behar diren pausuak errezte bidean hitzaldi informatiboa emanen dugu. Hitzaldia datorren asteazkenean, apiriliak 22, arratsaldeko 6:00etan eginen dugu gure sindikatuaren egoitzan (Joaquin Beunza 4-6, behea, korralilloen ondoan).
Berriro ere, IIP programekin gertatu zen modu berean, epaitegiek STEILASi arrazoia eman diote eta Departamentuak bere legeak ere errespetatzen ez dituela agerian jarri du.