Asko eta askotarikoak izan daitezke guraso edo familia baten motibazioak bere seme-alaben eskola aukeratzeko orduan. Gure inguruan hizkuntza da faktoreetako bat.
Ikerketek diotenez bi hizkuntza edo gehiago jakiteak hainbat abantaila ekarriko dizkio umeari etorkizunean: lan-aukera hobeak izatea, bi (hiru, lau…) hizkuntzatan komunikatu ahal izatea, bi (hiru, lau…) kultura ezagutzea… Gainera, elebidunak orokorrean erraztasun gehiago agertzen omen dute arrazonamenduan, pentsatzeko ahalmenean, komunikatzeko gaitasunean…
Beti liluratu nau haurren gaitasun linguistikoak, inguruan duten edozein hizkuntza (izan bat, bi, hiru, lau…) ezin hobeki eta oharkabean ikasteko trebetasun harrigarriak.
Haurrei inguruan dituzten hizkuntzetarako sarbidea errazteak bizitzan hobeki moldatzeko eta jendartean aritzeko tresnak eskaintzen badizkie, zergatik ukatu bideak irekiko dizkion aukera? Zergatik ukatu horretarako duten eskubidea? Ematea, beti izango da kentzea baino hobe ezta?