Demagun

Erabiltzailearen aurpegia Oskar Zapata

Demagun, 2027ko hauteskunde ostean Nafarroako Gobernua osatzeko eratzen diren aliantzen ondorioz, behingoagatik Euskara Nafarroa osoan koofiziala izatea adosten dela. Ospatzeko moduko  lorpena litzateke. Indargarria eta beharrezkoa biziberritze prozesuan urrats eraginkorrak emateko, dudarik gabe. Ez hori bakarrik, bertako bi hizkuntzak parean jarrita nafar herritarren arteko berdintasunaren adierazlea izango litzateke eta beraz  elkarbizitzarako lagungarria.   Hori esanda, jakin badakigu estatus aldaketak, ez dituela gaur ditugun arazo guztiak konponduko. Esaterako, kalean euskararen erabilerari loturikoak    Lagungarria izanen da baina ez nahikoa. Iruñerrian euskaldunok, nagusiki gaztelaniaz bizi den gizarte baten parte bat gara. Eta errealitate  horrek eragin  handia dauka.  Gure egunerokotasunean euskaraz jardun nahi ditugunok,    zailtasunak nonahi topatzen ditugu eta kontzientzia handia ez duten euskaldunek erraza dute ohiko harremanetan erdaraz jarduteko, euskaldunen artean ere, maiz. Horregatik, nire iritziz estatus egokia izatea bezain garrantzitsua da euskaltzaleon  komunitatea eskualdez eskualde ongi antolatuta egotea. Horrek ematen digulako sendotasuna, tokian toki egokiak  diren  urrats berriak erabakitzeko eta   gizarteko beste eragileekin, harrotasunez akordio berriak lantzeko. Euskaltzaleok berezko egiteko hori   dugu gaur eta bihar,   euskara ofiziala izanda edo.... izan gabe.  Elortzibarreko eskualdean  abian da bertako euskaltzaleen mugimendua antolatzeko prozesua. Aukera polita, adorez eta atseginez etorkizuna irudikatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!