Beldurraren beldur

Erabiltzailearen aurpegia Oihane Ventura 2018ko ots. 27a, 15:32

Hemen zaude, nire ondoan, nire itzala behin eta berriz zapaldu nahian, nire ametsak suntsitzeko grinez beteta.

Hemen zaude. Baina, zoritxarrez, ni ez naiz zure gordeleku bakarra. Mundu ero honetako iskina guztietan bilatzen duzu zure arima ezkutatzeko edozein banako errugaberen babesa.

 

Ospitaleko ate zuriaren aurrean itxaroten ari diren arima izutuen begietan ikus zaitzaket, atearen beste aldean neguko haize hotza berriro sentitzeko borrokatzen ari denaren begien distira, behin bada ere, berriz ikusteko irrikaz dauden arimen begiradetan.

 

Berarekin bizi den piztiaren besoak, gorrotoz eta amorruz beterik, berriz ere, bere aurpegian arrasto ezabaezina uzteko keinua egitean, zu zara haren sentimendu bakarra, amesgaizto batean bizi denaren sentimendu bakarra.

 

Haien etxeak uztera eta mundu ero honetan babes bakarrik gabe murgiltzera behartuak izan diren gizabanakoen oihu mutuetan entzuten zaitut.

 

Gizartearen rolak hausten dituen pertsonaren isiltasunean ikusi zaitut, ezberdina izateagatik kikildu den, edo gizarte hau zikintzen duten pentsamenduek, esteriotipoek… kikildu duten koitaduaren isiltasunean.

 

Hemen zaude, badakit, eta horrek beldurtu egiten nau. Zure beldur naiz, beldurraren beldur.


Oihane Ventura



EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!