Indarkeria sexistaren kontrako hilabetearen leloak

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Nausia Pimoulier 2016ko aza. 15a, 14:04

Azaroa indarkeria sexistaren kontrako hilabetea izanik kanpaina eta mezu asko entzunen ditugu, gehienak emakumeei zuzendutak; salatu ezazu edo deiak ez du arrastorik uzten. Hauei hiri batzuek martxan jartzen ari dituzten bortxaketaren kontrako neurriak gehitu behar dizkiegu: ez zaitez kaletik bakarrik joan, ez gehiegi edan, lagunei abisatu norekin joaten zaren… Berriro ere mezuaren hartzaile emakumea.
Beti entzuten dugu arazoa estrukturala dela, heziketarekin eta borondate onarekin gauzak aldatuko direla. Baina dirudienez hori ez da nahikoa. Munduko Foro Ekonomikoaren arabera gizon eta emakumeon arteko berdintasun erreala lortzeko oraindik 170 urte igaro beharko dira. Beraz, ez nik, ez nire alabak, ez nire bilobek ez dute gizarte berri hori ezagutuko. Astero piztuko dute irratia eta emakume bat bere bikotekidearengatik eraila izan dela entzunen dute. Lana lortzen dutenean ikusiko dute nola bere lankide gizonek beraiek baino heren bat baino gehiagoko soldata jasotzen duten (Nafarroa da soldata ezberdintasun handien pairatzen duen erkidegoa). Ama direnean jardunaldia beraiek murriztuko dute eta ardura postuetatik aldenduko dituzte. Euren bizitzan zehar gutxienez bortxaketa saiakera bat jasanen dute, etabar etabar etabar.
Gauzak ez dira denboraren pisuz aldatuko, ez borondate onarekin soilik. Emakumeok gure burua zaindu behar dugu noski, gure nahiak eta mugak errespetarazi. Baina hori ez litzateke horren beharrezkoa izanen aurrean dugunak muga horiek errespetatuko balitu. Indarkeria sexistaren kontrako hilabete honetan lelo eta mezu gehiago entzun nahiko nituzke jazartzaileei zuzendutak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!