Mahaia jostailu katalogoz beteta daukat. Atzo etxeko buzoia ireki eta beste berri bat aurkitu nuen, ez da lehenengoa aste honetan eta ez da azkena izanen. Eguberrietako kanpaina hasi da eta dagoeneko jostailuekin bonbardeatzen hasi gaituzte. Kontsumismoaren deiari eutsi nahian umearentzat Olentzerorako jostailu bakar bat aukeratzeko katalogo horietako bat ireki dut eta ara! A ze sorpresa! Urdina eta arrosa protagonistak dira! Mutila bazara tori pistola urdina, kotxe urdina, heroi baten mozorroa edo kamioi handia. Neska zarela? Sukaldea, panpina eta arrosa txikle kolorezko txirrindula. Neska baten ama izanda nesken ipuiak erostea komeni zaizula gogorarazten dizute katalogo batzuk. Ez didazutela sinisten? Susaeta argitaletxeak neskentzako ipuinen liburua eta mutilentzako liburuen ipuinak argitaratzen ditu. Ipuin hauei esker mutilak heroiak direla ikasten dute, ausartak, abenturazaleak. Neskek berriz printzeza ederrak direla, maitakorrak eta ameslariak.
Mahaiaren bestealdean egutegia daukat, bihar nazioarteko umeen eskubideen eguna dela gogorarazten didana. Umeen eskubideen zerrenda irakurri dut, hamar puntu daude, baina bi lehenengoekin nahikoa litzateke gutun ederra idazteko katalogo hauen egilei:
1. Berdintasunerako eskubidea, arraza, erlijioa edo nazionalitatea kontuan hartu gabe.
2. Babes berezia jasotzeko eskubidea, fisikoki, mentalki eta sozialki osasuntsu eta libre haz daitezen.