Bi argazki. Lehenengoa txuribeltzean, Oñatiko udaletxearen aurrean gizon-emakume talde bat eskutik hartuta ohorezko aurrezkua dantzatzen. Horien artean Nafarroako diputatuak. Bigarrena kolorez, Nafarroako Jauregian Yolanda Barcinak garaiko Eusko Ikaskuntzako Jose Maria Muñoari eskua ematen.
Ia mende oso bat igaro da lehenengo eta bigarren argazkiaren artean, 1918an hartuta lehenengoa eta 2011an bigarrena. Txuribeltzeko argazkiak Eusko Ikaskuntzaren jaiotza irudikatzen du. Oñatiko I. Kongresuan eta Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako Diputazioek bultzatuta Eusko Ikaskuntza sortu zen euskal kultura garatzeko baliabide egonkor eta iraunkor gisa. Kongresu horretan Arturo Campion euskalzale nafarra izendatu zuten erakundearen ohorezko lehendakaria eta, Campionekin batera, Nafarroako instituzioek eta zientzia munduak Eusko Ikaskuntza babestuko zutela agindu zuten. Konpromiso horrek ia ehun urte iraun zuen, bigarren argazkiaren momentura arte. Hau da, Barcinak argazkian agertzea Eusko Ikaskuntzaren lana babestearen alde eginen zuen gauza bakarra izanen zela erabaki zuen arte.
Atzo hirugarren argazki bat. Nafarroako Gobernuaren egoitzan mahai batetan eseritak Ana Ollo, Iñaki Dorronsoro (Eusko Ikaskuntzako Lehendakaria), Euskarabideako zuzendaria den Mikel Arregi, eta Eusko Ikaskuntzako Beatriz Akizu, Asier Barandiaran eta Mikel Aramburu Zudaire. Nafarroako Gobernuak, 4 urte igaro ondoren, Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean aritzeko konpromisua berritsi du.
Bigarren eta hirugarren argazkiaren artean 4 urte besterik igaro ez diren arren, mende oso bat igaro dela dirudi.