Urria gogor hasi da. Azken asteetako gertakariek gure egunerokoa asaldatu eta kurtso politikoa baldintzatu dute. Eraso eta beldur hauek, ordea, ez dira berriak.
Azken aldi luzean faxismoaren adierazpenak etengabe agertzen zaizkigu: kaleetan, parlamentuetan, sare sozialetan eta komunikabideetan agerikoak dira erasoak. Herri honetan ordea, argi dugu ez diegula ez faxitei, ezta ideia erreakzionarioei biderik utziko.
Argi gelditu da aste honetan antolatu ditugun ekimenetan: antifaxismoa gure auzokideak ezagutuz eta harremanak eraikiz egiten da. Honen adierazle izan dira Urriaren 12ko mobilizazio antiarrazista eta Iruñako Arrozak ekimena, baita urriaren 15ean Gaztelu Plazan hainbat eragileren artean antolatutako mobilizazioa. Erantzun antifaxista komunitatearen indarretik eta antolatzeko gaitasunetik dator.
Gogora dezagun gainera, zein gorputz jartzen dituen faxismoak jomugan: pertsona migranteak, arrazializatuak, emakumeak eta sexu-genero disidenteak. Subjektu zaurgarrienak erabiltzen dituzte diana modura haien gorrotoa hedatzeko, jendartea zatiketa eta zapalkuntza logiketan sartzeko. Horren aurrean transfeminismoa eta antiarrazismoa behar ditugu. Transfeminista izatea antifaxista delako, antiarrazista izatea antifaxista delako.
Horregatik, feministok gorputza jartzen jarraituko dugu, gure auzokideekin sukaldatzen, herri mugimenduarekin harresiak eraikitzen. Ez diegu pasatzen utziko!