Ikurren Lege berriak 366 bandera eta ikur legeztatuko ditu

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroa Wow 2015ko aza. 9a, 10:45

Negoziazio “latz” baten ondorioz erdietsi dute akordioa Nafarroako Gobernua sostengatzen duten lau alderdiek; ikurrina ez ezik, askotariko banderak legeztatuko dituzte, hala nola, Venezuelakoa, Kurdistangoa edota Arrano Beltza

Kostata, baina lortu dute. Ikurren Legea moldatzeko hitzarmena egin dute Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta Ezkerrak. Eta hitzarmen horri esker, Nafarroako udaletxeetan ia edozein ikur edo bandera zintzilikatu ahal izanen dute eta horren trukean ez dute isunik, kargugabetzerik edo Foruzaingoaren bisitarik jasoko.

“Oso gogorra izan da”, aitortu du Nafarroa Wow-ri akordioaren filtrazioa egin dion Geroa Baiko K. M. kideak. “Baina merezi izan du, akordioak gu guztiok kontent eta asebete utzi baikaitu”.

Jakina denez, Ikurren Legea aldatzeko lehenbiziko asmoa zen ikurrina Nafarroan legeztatzea. “Baina legearen testua idazten hasi ginelarik, eztabaidak bata bertzearen atzetik etorri ziren. Iritziak askotarikoak ziren, eta legeztatu nahi genituen ikurrak eta banderak ere ugari. Nik lauburua sartu nahi nuen, ondokoak Eskoziakoa, hark bere musika talde kutunarena, eta haiek beren lider karismatikoaren aurpegia. Azkenean, mahai gainean jarritako ikur guztiak sartu ditugu legean, 366 denetara".

Ikurren Lege berria idatzi duten taldeen ustea da lege honetan sentsibilitate "ia guztiek" izanen dutela tokia eta, beraz, nahiz eta aurrerago Gobernuaren kolorea aldatu, ez dela legea berriz moldatzeko beharrik izanen. Legearen zerrendan agertzen den edozein ikur edo bandera jarri ahal izanen dute udalek eta nahi izanez gero egunetik egunera aldatu ahal izanen dituzte; hori bai, toki arazoengatik, ezin izanen dituzte egun bakoitzean 17 baino gehiago jarri.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!