Iruñerriko haurrek behingoz ETB3 ikusterik izanen dute. Albistea azkar zabaldu da D ereduko ikastetxeetan zehar. Ikasleek pozarren hartu dute. Eta haietako askok haien kasa elkarretaratzeak antolatu dituzte ETB3ko izarrari, Doraemoni, ongietorria egiteko.
Bere garaian LOMCEren aurka protestatzeko egin zuten bezala, gaur Patxi Larraintzar, San Frantzisko eta Beñat Etxepare ikastetxeetako ikasleek elkarretaratzeak egin dituzte albiste ona ospatzeko. Goiburu asko oihukatu dituzte, besteak beste honako hauek: “Hemen gaude, Doraemonen alde!”, “Ez, ez, ez, etxeko lanik ez; bai, bai, bai, Doraemoni bai!” eta “Gu Doraemon, zu zergatik ez”.
Orain arte, ETB1 eta ETB2 analogikoki ikusten ahal ziren Nafarroan. Baina ETB3 analogikoki ikusterik ez zegoen.