Azukre Beltzarana ere Euskalerria Irratiaren alde!

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroa Wow 2015ko uzt. 3a, 09:21

Azucar Moreno taldeak Nafarroako aldaketarekin bat egin nahi izan du, Sanferm!ntza saioa sustatzeko bideoklipa grabatuz.

Azucar Moreno taldeak sanferminetan kontzertua eskainiko du. Uztailaren 11n izanen da, 20:00etan, Gurutze plazan. UPNko udal aginte taldeak lotu zuen kontzertu hori. Nolanahi ere, Salazar ahizpek argi utzi nahi izan dute Nafarroak bizi duen aldaketarekin bat egiten dutela, ez bakarrik hitzez, baita ekintzez ere, eta horretarako kanta bat euskaraz sortu dute, Euskalerria Irratiko Sanferm!ntza saioa sustatzeko kanta hain zuzen ere (uztailaren 7tik 14ra, 12:00etatik 14:00etara, Zaldi Zuritik zuzen-zuzenean).

Euskaraz grabatu dutena zehazki haien abestirik ezagunenaren bertsio bat da. Aldaketaren poderioz, Solo se vive una vez zena Bakarrik bizitzen da behin bihurtu da. Kantarekin egin duten bideoklipan Toñi eta Encarna ahizpekin batera Euskalerria Irratiko hainbat kide azaltzen dira.

Bikote espainiarrari asko gustatu zaio euskaraz grabatzearen eta aldaketarekin bat egitearen esperientzia. Hori horrela, euskarazko kantuekin osaturiko disko oso bat prestatzen hasi dira. “Betidanik gustatu izan zaigu euskal musika. Gu Toñi eta Encarni gara, baina Euskal Herrian jaio izan bagina, akaso Maixa eta Ixiar izanen ginen, edo Alaitz eta Maider, edo gu geu, Andone eta Haragitzene", azaldu du Encarnik.

“Mursego espainiarra gara”

Nolanahi ere, Toñi ez dago erabat ados bere ahizparen baieztapen horrekin: “Nik ez dut ikusten geure burua trikitilari mainstream horien taldean. Guk bestelako erreferentziak dauzkagu. Gu gehiago gara Mursego espainiar bat”.

Euskarazko diskoaren letrak osatzeko Mursegoren kosmobisiotik nahikoa gertu dauden hiru poeta ari dira lanean: Angel Erro, Hedoi Etxarte eta Iñigo Astiz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!