Berriki, Libertate Nafarra alderdiak eskaera egin dio Uxue Barkosi, aldaketaren gobernua osatzeko negoziazioetan parte hartzeko (ez da txantxa). Bada, Barkosek baietza eman dio eskaerari gaur goizean, eta gainontzeko alderdi "txikiei" ere luzatu die proposamena. "Parlamentuan ordezkari bakar bat izan ez arren, Libertate Nafarra, RCN-NOK, Ciudadanos eta Pacma alderdietako boto-emaileek errespetu osoa merezi dute, eta euren burua islatuta ikusiko dute gobernu berri eta integratzaile honetan", esan du Geroa Baiko buruak, bere koaliziokideen harridurarako. Alderdi horiez gainera, Txiribitonek ere eskaera egina zuen, aldaketaren aldeko 'tsunami'-aren parte izateko, eta pailazoaren prestutasunak hunkituta, gobernu berriko Komunikazio saileko buru eta bozeramaile izendatu du Barkosek.
Hortaz, fitxaje berriekin, hau izanen da exekutiboaren behin-behineko organigrama:
Presidentea: Uxue Barkos
Presidenteordea: Adolfo Araiz
Presidenteorde-ordea: Laura Perez
Presidenteorde-ordearen ordezkoa: Jose Miguel Nuin
Landa garapen eta Aisialdi departamentuak: Ramon Morcillo (RCN-NOK)
Foruen Garapenerako Departamentua: Diego Paños (Ciudadanos)
Nekazaritza eta Abelzaintza Departamentua: Yasmina Larumbe (PACMA)
Gazteria, Teknologia Berriak eta Nafarroa Maritimoaren Antolakuntza: Mikel Iriarte eta Tomas Urzainki (Libertate Nafarra)
Hizkuntz Politika eta Komunikazioa: Txiribiton.
Momentuz, Txiribiton izan da kargua onartu eta lanean hasi den bakarra. NAFARROA WOW agerkariak primizian lortu du Nafarroako Gobernu berriaren lehen prentsa oharra.