"Itzuliko gara", UPNren kanpaina berria

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroa Wow 2015ko eka. 10a, 19:16

Alderdiari botoa eman dioten milaka herritarrei esker ona adierazteko kanpaina "xumea" eta "umila" abiatu dute. Osasunaren kanpaina gogorarazi die batzuei.

Etzi osatuko da Iruñeko Udala, eta azken uneko ezustekorik ezean, Joseba Asiron izanen da alkate berria. Ez da UPNk galduko duen udal bakarra. Izan ere, agur esanen die Lizarra, Tutera, Tafalla, Barañain eta abar luze bati. Eta gauzak ongi-bidean joanez gero, Javier Esparza ez da Nafarroako Gobernuaren buru izanen. Hala. orain arteko oposizioari egurra ematea alde batera utzi, eta UPNk kanpaina berri bati ekinen dio. "Itzuli gara" izanen da leloa. Horretaz gainera, Principe de Viana plazako sedea jendeari irekiko diote, sartu eta nahi dutena idazteko.
Lehenbiziko herritarrak hurbildu dira honezkero, eta Yolanda Barcina eta Enrique Mayaren itxurari gorazarre egiten dioten mezuak izan dira nagusi. Baten batek ere jarri du "zer gertatu da nirearekin?" mezu misteriotsua. Sergio Sayan komunikazio idazkariak kanpainaren nondik norakoak azaldu ditu. Esan duenez, UPNren "ohiko originaltasuna" baliatu dute kanpaina diseinatzerakoan. "Beti berritzen ditugu gure leloak eta estrategiak, orain baita ere". Gainera, "ohi bezala" mezu "xumea" eta "umila" adierazi nahi izan dutela azaldu du: "Ez goaz oposiziora geratzeko asmotan. Itzuliko gara, argi izan dezatela euskaldunek".

Osasuna eredu?

Gainerako hedabideek ez bezala, Nafarroa WOWk berehalaxe antzeman du kanpaina hori Osasunak 2. mailara jaisterakoan egindakoaren oso antzekoa dela. Hala, bertako jokalari batekin harremanetan jarri da. Ez du izenik eman nahi izan, baina bere hitzak argigarriak izan dira: "Gure kanpaina kopiatu? Ba egin dezatela nahi dutena. Guk nahiago dugu hura ahantzi, itzuli ginela esan eta gero, begira nola ibili ginen azkenengo partidako azkenengo minutura arte, sufritzen".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!