Aldaketa politikoak ez du Iruñeko airearen kalitatea hobetu

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroa Wow 2015ko eka. 3a, 23:47

Ekologistak Martxan elkarteak urtero egiten duen airearen kalitateari buruzko txostenak adierazi du jauregian zein udaletxean agintari berriak esertzeko aukerak ez duela Iruñeko airea garbitu; aitzitik, txostenak azaleratu du partikula esekien kopurua handitu dela, batez ere hiriburuko II. Zabalgunean.

Aire freskorik ez. Edo ez, bederen, garbiagorik. Balizko aldaketa politikoak ez omen du Iruñeko airea garbitu. Kontrara, Ekologistak Martxanen urteroko txostenaren arabera, Iruñeko airearen kalitateak txarrera egin du azkenaldian. Zehazki, partikula esekien kopurua "izugarri" handitu da, batez ere Gurutze Plazako estazioak jaso dituen datuek salatu dutenez.

"Ulertu beharrekoa da aldaketa politikoa egun batetik bertzera gertatzen ahal dela, baina aldaketa sozialak mantsoagoak direla", azaldu du Ekologistak Martxaneko kide Imanol Koplowitzek. "Hala, nahiz eta lehendakari edo alkate ezberdinak izan, Iruñean, autoak dira oraindik jaun eta jabe. Hori ez da aldatu. Areago, okerrera egin du azken urtean eta, bereziki, azken astean".

Nafarroako Gobernuak hiru estazio ditu Iruñean airearen kalitatea kontrolatzeko: Arrotxapean, Iturraman eta II. Zabalgunean. Lehenbiziko biek iazkoen gisako datuak hartu dituzte; baina hirugarrenak, Gurutze Plazan kokatua dagoenak [argazkian], airearen kalitatea "nabarmen" okertu dela erregistratu du. "Sufre dioxidoaren, karbono monoxidoaren eta partikula esekien kopuruak izugarri handitu dira", esplikatu du Koplowitzek. "Nik erranen nuke, une honetan, Iruñearen alderdi horretan arnas egitea osasunaren kontrako ekintza dela".

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!