Nafar gizarteak umorez hartu zituen Yolanda Barcinak TVEn atzo esandakoak, baina "Nafarroa Wow" agerkariak jakin ahal izan duenez, jarduneko presidentearen hitzak ez ziren etsipenaren ondorio. Zuzen zebilen Barcina: EH Bilduk Iruñeko alkatetza lortzen badu errotiko aldaketak ezarriko ditu hiri buruzagian. Izan ere, koalizio abertzaleak darabilen zirriborro bat eskuratu ahal izan du gure erredakzio taldeak. Eta ondorioak izugarriak dira.
Besteak beste, izen berria proposatuko dute hiribururako: Iruñearen ordez, Bildugrado. "Arnaldogrado edo Pernandogrado ere atera ziren bileran, baina ez genuen gehiegi pertsonalizatu nahi", azaldu du EH Bilduko kide anonimo batek.
Egun dagoen Civivox sarea ere birmoldatuko luke udal talde berriak. "Barcinak egia zioen: gure asmoa terrorearen inperioa ezartzea da, eta horretarako, gulag bilakatuko ditugu Civivox guneak. Tematikoki banatuko ditugu, gainera: gulag bat 'eskerrik asko' esan beharrean 'eskerrik' esaten dutenentzat; beste bat, tabernetan kalimotxoa kiwiarekin eskatzen dutenentzat; hirugarren bat, Kontxara joan eta txiza egiten ez dutenentzat; laugarrena, berriz, 'kafesne bat' eskatuta 'no te entiendo' erantzuten duten tabernarientzat; eta azkena, sanferminetan Saloura ihes egiten duten sinsorgo horientzat".
Hain zuzen, sanferminek ere sakoneko birmoldaketa sufrituko dute hemendik aurrera: "Oraindik ez dugu gai horretan gehiegi sakondu, baina momentuz, baditugu ideia batzuk; besteak beste, zezenketen ordez goitibehera txapelketak antolatzea, edota 'Gaixoa ni' ekitaldi tristearen ordez, bertso-triki-poteo-herrikoi-masiboa egitea".
Ezkerrak eta Aranzadik, momentuz, begi onez hartu dute proposamena: "Barcinak agerian utzi ditu gure planak, eta beraz, ez du zentzurik disimulatzen ibiltzeak: bolibartar-chavista-erradikal-nazi-komunistak gara, eta hortaz, ados gaude kaosarekin eta nafar apokalipsiaren etorrerarekin. Gora gaiztakeria! Behera ongizatea! Nafarroa suntsituko dugu!".
Iritzi epelagoa agertu du Geroa Baik proposamen horien aurrean, baina badirudi azkenean onartuko dituela, baldintza batekin: Uxue Barkosi eguneroko telebista saio propioa eskaintzea. "Guri Venezuela... ni-fu-ni-fa, baina Nicolas Maduroren 'Alo presidente' eredu gisara hartuta, 'Alo #Uxuepresidenta' emitituko genuke gustura. Ordubeteko saioa egunero-egunero Nafar Telebistaren 'prime time'-an. Gozamena!", adierazi dute alderdiko iturri anonimoek.