Maite Esporrin, Zopilotes Txirriaos rantxera taldeko korista berria

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroa Wow 2015ko mai. 13a, 12:19

Azken egunotan hemendik-hara ibili den ustezko fake edo argazki faltsu baten arabera, mariatxien kontzertu bat antolatu zuen Iruñeko PSN-ek bere hauteskunde kanpainaren baitan. PSNek gezurtatu du gezurretako mezua gezurra zenik. Areago, Zopilotes Txirriaos rantxera taldeak Esporrin fitxatu du korista gisa.

Azken egunotan sare sozialetan jira-biraka ibili da Iruñeko PSNek antolatu omen duen mexikar festa baten afitxa. Twitterlari zenbaitek geroxeago jakinarazi zutenez, argazkia fake bat da, argazki faltsua alegia. Gezurra ala egia? Izan ere, NAFARROA WOWk jakin duenez, mariatxi festa antolatzearekin aski izan ez, eta Zopilotes Txirriaos rantxera taldean ariko omen da Maite Esporrin Iruñeko alkategaia etorkizunean.

Konejo Eseberri kantariari koroak eginen omen dizkio Esporrinek "finean, azken urteotan sozialistok UPN-rekin egin izan dugunaren oso antzeko lana izanen da", adierazi du Esporrinek.

Rantxera zalea

Esporrinek esandakoaren arabera, txiki-txikitatik maitatu izan du rantxeren generoa. Bere ibilbide politikoa ere rantxeren bitartez laburbildu digu guri. Barcinak Iruñeko udala utzi eta Nafarroako presidente postua eskuratu zuenean "Ojalá que te vaya bonito" etorri omen zitzaion burura. Paquita la del Barrio biziki gustuko omen du Esporrinek eta horrela, CANen dieta ezkutuen afera argitaratu zenean dutxan "Cheque en blanco" kantatzen zuela adierazi digu. Mexikoko herri kantu molde honek batez ere Roberto Jimenez dakarkiola burura esan dio alkategai sozialistak NAFARROA WOWri: "Roberto orain Madrilen da eta penaz bizi dut hori. Rantxeraren generoa, hunkigarria da, malenkoniatsua, oroitzapen aski onak dakarzkit. Rantxera askok eta askok gogorarazten didate Roberto. Esaterako "El último trago", "Copa vacía", "Copa tras copa" eta gisa hortako hainbat".

Zopilotes Txirriaos taldearen webgunearen arabera, heldu den larunbatean Leitzan eginen ditu korista lanak lehenbizikoz, Esporrinek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!