Beste sator baten agertzeak kinka larrian jarri du UPN, hauteskundeei begira

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroa Wow 2015ko mai. 5a, 10:43

Atzo gaueko Javier Esparza eta Adolfo Araizen arteko eztabaidan ez zen honen inguruko aipamenik izan, baina hauteskunde kanpaina desoreka lezake NAFARROA WOWren aurkikuntzak

Atzokoan Oscar Rodriguez Manjón Antsoaingo UPNko hautagai poliedrikoaren kasua ezagutu genuen. Gogoratuko dugu Rodriguez Manjón hamaikagarren postuan doala Antsoaingo udaleko erregionalisten zerrendan, baina baita VOX alderdiaren Zizurko udalerako zerrendan ere, seigarren postuan hain zuzen. Lehenago ere Rodriguez Manjon beste hogeiren bat alderditan militatu du, baita eskuin muturrekoetan ere. 

Albiste hau ezagutu eta 24 ordu eskasera NAFARROA WOW-k beste sator baten arrastoa topatu du UPNren zerrenden baitan, eta ez nolanahiko satorra. Izan ere, UPNek bere aurre-kanpainarako erabili duen afitxetako batean Javier Esparza lehendakarigaiaren ondo-ondoan agertzen da ustezko sator berria, irudian ikus daitekeenez. NAFARROA WOWren aurkikuntzari buruzko zurrumurrua berehala hedatu da eta UPNko buruek ere adierazpenak egin dituzte. "Sator berri bat aipatu digutenean, Alberto Catalán etorri zaigu burura. Gero jakin dugu, satorrak ile gehiago duela".

Sergio Sayas dimititzekotan

Sator berriak, Javier Esparzaren alderdiak foru hauteskundeetarako aurkeztutako zerrendaren gailur samarrean zihoan eta maiatzaren 24ean garaipena lortzekotan, nekazaritza sailburu berria izateko aukera handiak zituen, esparru horretan (bere desegitean, hain zuzen) duen esperientzia tarteko. UPNko antolakuntza eta komunikazio idazkari Sergio Sayas lotsatuta mintzatu da hedabideen aurrean: "Oscar Rodriguez-ekin gola sartu zigutela aipatu nuen atzo bertan, baina gaurkoa gehiegi da. Golak eta golak hartuz, Osasunako atezain sentitzen naiz". Hartara, dimisioa ematea ere burutik pasa zaiola adierazi du Sayas-ek, alboan zuen Carlos García Adanerok, Nafarroako legebiltzarreko komisioetako buru izateagatik kobratuko dituen dietak gogoratu dizkion arte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!