Haserrea adierazi dute Iruñeko kilikiek, Caravinagreren gehiegizko protagonismoagatik

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroa Wow 2015ko api. 30a, 18:28

Sanferminetan greba egiteko aukera aztertzen ari dira. Bereziki sumindua agertu da Patata.

Caravinagreren irudia aurten ere sanferminak iragartzeko aukeratu izanak haserrea piztu du gainerako kilikien artean. Napoleon, Barbas, Coletas, Berrugas eta Patatak agerraldi bateratua egin dute gaur goizean, haien iritziz “diskriminazioa” dena salatzeko. Adierazi dutenez, “Caravinagrek beste izerdi” botatzen dute haiek ere sanferminetan, eta ordea, “bigarren planoan” egotearen sentsazioa dute. Berrugasek aski modu grafikoan azaldu du egoera: “Berak beste txupete jaso izan dugu guk ere, baina antza, badago hori ikusi nahi ez duenik”.

 

Coletas-ek eta Barbas-ek hartu dute hitza agerraldiaren hasieran. Gogoratu dutenez, 1860tik ari dira haiek Iruñeko konpartsan lanean. 1912an batu zitzaizkien Patata eta Napoleon, eta 1941ean, azkenik, Berrugas eta Caravinagre. Adierazi dutenez, “beso zabalik hartu” dituzte beti kiliki berriak, eta “bizikidetza, oro har, osasuntsua izan da beti”. Baina azken hamarkadetan Caravinagrek hartu duen protagonismoa “gehiegizkoa” dela iritzita, mezua luzatu nahi izan diote taldeko maltzurrari: “ezin dena gertatu da azkena iritsi eta aurretik hemen ginenak zapaldu eta ezerezean uztea”. Kazetarien harridurarako, Patata on-puska izan da suminduen agertu dena: “Caravinagrek aurpegi maltzurra eta izen indartsua duelako besteok baino gehiago dela uste badu, okertuta dago. Aurpegi on eta izen erridikuluak ditugunok ere baditugu eskubide eta sentimenduak”.

 

Aspalditik dator Iruñeko kilikien ezinegona, baina Caravinagreren irudia berriro aukeratu izanak inoiz baino bortitzago azaleratu du haserrea. Gauzak horrela, aurtengo sanferminetan greba egiteko aukera aztertzen ari direla adierazi dute. Aukera bakarra jarri dute mahai gainean: Caravinagre etxean geratu dadila aurten. Eta ordezko gisa, Ribero kilikiaren itzulera proposatu dute. “Hori bai dela Navarrisimo”, bota du Berrugasek, irri artean. Napoleon urrutirago joan da, eta Caravinagre gillotinatzea proposatu du.

 

Iruñeko Konpartsako buruhandiek, era berean, prentsaurrekoa deitu dute “haiek bai bigarren mailan” daudela salatzeko, baina kazetaririk ez da agertu agerraldira. Caravinagrek, azkenik, salaketa jarri du Sanferminetako mahaiaren aitzinean, mobbing-a pairatzen duelakoan. Adierazi duenez, etxetik atera gabe dabil azken asteetan, konpartsakideen mehatxuen ondorioz. Nafarroa WoW-k esklusiban lortu du kilikiaren egoeraren irudia, etxean sartuta, etsitua.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!