Aldaketaren aldekoek eta kontrakoek parra eginen dute maiatzaren 24ko foru bozetan

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroa Wow 2015ko api. 27a, 11:56

Nafarroa WOW agerkariak IDG etxeari agindutako inkestaren arabera, aldaketa politikoaren aldeko indarrek zein UPN eta bere sateliteek 25na parlamentari erdietsiko lituzkete Nafarroa Garaiko hurrengo foru hauteskundeetan

Nahas-mahas ederra sortuko litzateke Nafarroako Parlamentuan IDG etxeak eginiko inkestaren emaitzak maiatzaren 24ko foru hauteskundeetan benetan gauzatuko balira. Inkestak emaniko datuen arabera, UPNk irabaziko ditu bozak, baina 19tik 15 parlamentarira jaitsita. Haren gibelean geldituko litzateke EH Bildu, 9rekin. Laura Perezen Podemos-Ahal Dugu alderdi berria indartsu sartuko litzateke legebiltzarrean, 7 parlamentarirekin. Geroa Baik ere 7 izanen lituzke. PSNk nabarmen galduko luke bere ordezkaritza, 9tik 5era jaitsita. PP 3 parlamentarirekin geldituko litzateke. Ciudadanos 2 parlamentarirekin estreinatuko litzateke. Eta Izquierda-Ezkerra koalizioak ere 2 parlamentarirekin egin beharko luke lan hemendik aurrera.

Alegia, UPN, PSN, PP eta Ciudadanos alderdien parlamentariak osotara 25 izanen lirateke. Eta haien aitzinean leudeke EH Bildu, Ahal Dugu, Geroa Bai eta Ezkerra alderdien 25ak. Beraz, halako emaitza sortuko balitz, bai batzuei zein bertzeei, oso zaila eginen litzaieke gobernua osatzea.

Inkestaren nondik norakoak

Hauteskundeen aurrekoetan inkestek zer nolako garrantzia izaten duten ikusita, eta iritzi publikoarengan sortzen duten ikusmina eta interesaz jabetuta, Nafarroa WOW agerkariak erabaki zuen bere inkesta egitea. IDG etxeari eman zion agindua, bai eta horretan diru gehiegi ez gastatzeko erregua egin ere. “Guri, edozein giristinori bezalaxe, inkesten azken emaitza interesatzen zaigu gehien, hau da, gazta zatia nola banatzen den”, esplikatu du Nafarroa WOW-ko politika buruak. “Hori dela-eta, IDGkoei erran genien denbora eta diru gehiegi ez gastatzeko honetan, nahikoa zela grafika polit bat egitea, kolore bizi eta zenbaki graziosoekin”.

Galdera bakarra zuen inkestak: “Eta orain benetan, nori emanen diozu botoa?”. Eta galdera hori ez zaio inori egin. Erran nahi baita inkestaturik gabeko inkesta izan dela IDG etxeak apailatu duena. “Bertze hedabideek egiten duten sukalde lan fantastikoa ikusita, zertarako molestatu behar genuen inor?”, adierazi du gure politika buruak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!