Basque Culinary Centerrek Nafarroako pintxoak “donostiartu” nahi dituela salatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroa Wow 2015ko api. 23a, 17:20

Nafar produktuei “behingoz” bultzada emateko aukera dela dio Reyno Gourmet sormarkak.

Nafarroako Ostalaritza elkartearekin hitzarmena sinatu du Mondragon Unibertsitateak, eta Donostiako Basque Culinary Centerrek lehen ordezkaritza irekiko du Iruñean aurki. Nafarroako pintxoek “bertako balorea” galduko dutela iritzi diote, baina, hainbat nafar sukaldariek. Tabernetako pintxoak donostiar erara nahi dituztela salatu dute.

Egoitza berriaren auka prentsaurrekoa egin dute Abaco jatetxeko Jesús Iñigo eta Nerea Sistiaga, Europako Pilar Idoate, Tubaleko Atxen Jimenez eta Alex Mujica sukaldariek. “Gure sukaldea 'donostiartu' nahi du unibertsitateak, finagoa egin”. Iruñea “Ñoñosti” bihurtuko ote den ere galdegin dute sukaldariek. Egitasmoak aurrera jarraituz gero, protestak iragarri dituzte.

Nafarroako Ostalaritzako Kooperatibak Burlatako Mugazuri industriagunean duen saltokian ezarriko dute goi mailako sukaldaritza eskolaren egoitza berria. Produktuak kooperatiban erosiko dituztela iragarri dute. Sukaldariek salatu dutenez, baina, ez dute idatzizko akordiorik egin: “Kooperatiba inguruan egon daitezkeen atzerriko saltoki handietara joateko arrisku handia dago; kooperatibak baino itxura eta diseinu landuagoa dute eta”.

Aukera “paregabea”

Nafarroako Gobernuaren Reyno Gourmet sormarkak, berriz, begi onez hartu du berria. “Aukera paregabea da”. Donostiarrek Nafarroako gastronomiaren “kalitatea” eta “aberastasuna” baliatzen jakingo dutela azaldu dute: “Orain arte ez zaio behar bezalako garrantzia eman Nafarroako orburu, zainzuri edota piperrari. Donostiarrek jakingo dute nola egin”.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!