Sanferminak 2015

Entzierroaren reallity-ak, aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroa Wow 2015ko api. 22a, 16:36

Marilo Montero, Mikel Urmeneta, Alvaro de Marichalar, Angelita Alfaro, Txumari Alfaro, Simon Santamaría, Estitxu Pinatxo, Abel Azkona eta Karmele Galartzak parte hartzea konfirmatu dute.

Pilak jarri ditu Televisión Españolak, paper kontuak arindu eta egun batetik bestera prest du sanferminetako reallity saioa. Iturri anonimo eta fidagarri batek NAFARROA WOW-ri esan dionez, Ramon Garcia izanen da saioaren aurkezlea, eta dagoeneko hainbat famatu nafarrek konfirmatu dute haien parte hartzea. Hain zuzen ere, Marilo Montero kazetariak, Mikel Urmeneta marrazkigileak, Alvaro de Marichalar bizizaleak, Angelita Alfaro letra zopa egileak, Txumari Alfaro sorginak, Simon Santamaría robokopak, Estitxu Pinatxo mohtruak, Abel Azkona performerrak eta Karmele Galartza irrintzilariak. Saioan entzierroan korrika egiteko prestatu beharko dute haien burua, eta, noski, bederatzi egunez zezenen aurrean neurtuko dute haien gaitasuna.

Hautsak harrotu ditu albisteak Iruñean. Peñen federazioak ezezko borobila eman du goizean goiz, eta antzeko bidetik jo du Enrique Maya alkateak. Hala ere, Iruñeko Udalak iritzia aldatu du azken momentuan. Goizean Udalean fotokopiak egiten ari zen langile batek maletin batek irekitzean egiten duen hotsa aditu du, eta hortik minutu batera alkateak baiezkoa eman duela jakinarazi du sare sozialetan. Hala ere, akordio bat sinatu dute balkoietan ikus daitezkeen ikurrinak ezabatu edo photoshopeatzeko, beti ere "Iruñearen errealitate instituzionala bermatzeko".

Saioan parte hartzen dutenak bi taldetan banatuko dira, eta kapitain bana izanen dute: Txarlie tximinoa eta Indurain. Egun bakoitzean pertsona bat kaleratuko dute saiotik, eta final handia uztailaren 15ean jokatuko da, Villavesaren entzierroan. "Hori izanen da frogarik zailena. Gau osoa mozkorkerian pasatu ondoren, Indurainen ezpata izanen dute aurrez-aurre. Soilik onenek bukatzen dute entzierroa onik", azaldu du Garciak. Bestalde, ez dute San Ferminen kantuaren copyright-a eskuratzerik izan, beraz, Nafarroan asko gurtzen duten saindu bati kantatuko diote: San Porlan. "Entzun arren San Porlan, AHTaren patroi, Arena eta Los Arcos zaindu itzazu otoi".

ETB prest

Espainiako telebistek saio bat egiten dutenen guztietan ohi duen bezala, ETBk bere bertsioa eginen du heldu den urtean. Aurrekontua txikiagoa izanen denez, ezinen dute entzierroa grabatu. Froga, baina, gogorragoa izanen dela aurreikusi dute. Julian Yantzi izanen da saioaren aurkezlea, eta parte hartzaileek Donostiako Aste Nagusia osorik ospatu beharko dute. Osorik bai, eta aspertu gabe. Aurkezlea izuturik dago: "El Conquistador del Fin del Mundo saioko basakeriak txiki geratuko dira horren parean".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!