Reyno Arena maiatzaren 3an inauguratuko dute

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroa Wow 2015ko api. 21a, 12:18

Nafarroako Gobernuak gaur iragarri du Reyno Arena pabiloia “laster batean” zabalduko dutela, “Kontuen Ganberari kasu eginez”; sei eguneko inaugurazio ekitaldiak antolatu dituzte, 2,7 milioi euroko aurrekontuarekin; Felipe Juan Froilanek moztuko du xingola gorria

Ezustean. Erabateko sorpresa sortuz. Inork espero ez zuena egin du berriz UPNren Gobernuak. Reyno Arena pabiloia zabalduko du azkenean. Eta hemendik oso gutxira inauguratuko du, gainera; maiatzaren 3an, igandearekin. Egun horretarako eta hurrengo bortzetarako "punta-puntako" kirol eta kultura ekitaldiak antolatu ditu Gobernuak, 2,7 milioi euroko aurrekontua erabilita.

“Inauguratuko dugu”. Halaxe hasi du gaurko prentsaurrekoa Juan Luis Sanchez de Muniain Nafarroako Gobernuko bozeramaileak. “Eta, gainera, laster batean eginen dugu, maiatzaren 3an. Ikusi baitugu Nafarroako gizarteak interes handia duela kirol instalazio hauek lehenbailehen erabiltzen has gaitezen”.

Iragan apirilaren 10ean, Kontuen Ganberak Reyno Arena pabiloiari buruzko txostena argitaratu zuen, Nafarroako Parlamentuak hala eskatuta. Txosten hartan, Kontuen Ganberak eskatzen zuen “behin-behinekotasun egoera gaindi dadin, lanak buka daitezen eta kudeaketa eredua defini dadin”. Gobernuko eledunak azaldu du “beti bezala arreta handiz” irakurri zutela txostena eta eskakizunei “behar bezala” erantzuteko “berehala” jarri zirela lanean. Horren emaitza, maiatzaren 3ko inaugurazioa, Sanchez de Muniain argitu nahi izan duenez, “hauteskundeekin batere zerikusirik ez duena”.

Merkatu ikerketa, bideragarritasun plana, kudeaketa ereduari buruzko txostena, inaugurazio ekitaldien zehaztapena eta hurrengo hamabi hilabeteetarako programazio zehatza. Agiri horiek guztiak aurkeztu ditu Sanchez de Muniainek gaur, mila orrialde baino gehiagoko liburuki batean bilduak.

“Ikusi dugu pabiloi honek etorkizun oparoa izan dezakeela, ez duela merezi ia 60 milioi euro kostatu duen instalazio bat itxita izatea, lehenbailehen ireki behar dela, eta onena, merkeena eta eraginkorrena dugula kudeaketa erakunde publiko baten esku uztea, kasu honetan Nafarroako Kirol Institutuaren eskuetan”. Halaxe laburbildu du Sanchez de Muniainek Gobernuaren erabakia, prentsaurrekoan ziren guztiak zur eta lur utziz, bide batez erranda. Eta prentsaurrekoa bukatuta, Yolanda Barcina lehendakaria eta Javier Esparza lehendakarigaia aretoan sartu dira, eta, barreari ezin eutsiz, Sanchez de Muniainekin batera, topa egin dute xanpain kopekin.

Sei eguneko inaugurazioak

“Halako instalazio batzuek merezi duten inaugurazio ekitaldiak izanen ditugu, sei egunez”, esplikatu du Sanchez de Muniainek. “Maiatzaren 3ko irekiera instituzionalari dagokionez, eta agenda arazoak direla-eta Espainiako errege-erreginak eta Asturiasko printzesa etortzerik ez zutenez, ondorengotza zerrendan laugarrena etorriko da, Felipe Juan Froilan Maritxalarkoa. Harekin etorriko da, gainera, bere neska-lagun berria, Jessica”.

Xingola gorria moztu ondorenean, eskubaloi partida itzela egonen da pabiloian, 2001ean Europako Kopa irabazi zuten Portland San Antonioko jokalarien eta 2009an EHF kopa irabazi zuten Itxakoko jokalarien artekoa. Hori bukatuta, Julian Retegi eta Titin pilota jokalari ohiek 1997ko Lau t’erdiko finala jokatuko dute berriz. Eguerdian, 3.000 lagunentzako herri bazkaria izanen da; Gobernuak jarriko ditu plater nagusia –Valentziako paella– eta edatekoa –Asturiasko sagardoa– eta herritarrek gainerakoa jarri beharko dute. Arratsaldean, pabiloia Estafeta karrika txiki bilakatuta, entzierroa eginen dute Macuaren 6 zezenekin. Eta gauean, kontzertua, Operación Triunfo telebista lehiaketaren lehen edizioko zenbait parte-hartzailerekin: Nuria Fergo, Geno Machado, Veronica Romeo eta Manu Tenorio.

Maiatzaren 4tik 8ra, egunero-egunero “punta-puntako” kirol eta kultur ekitaldiak izanen dira. Bertzeak bertze, astelehenean, Murchante eta Faltzes herrien arteko Grand Prix lehiaketa eginen dute; asteartean, Bob Dylanek kontzertu intimoa eskainiko du, Txutxin Ibañezekin batera; asteazkenean, Osasunako jokalariak pabiloian entrenatuko dira; ortzegunean, zirkuitu bihurtuko dute pabiloia, eta Fernando Alonso 2005 eta 2006 urteetako 1 Formulako txapelketako irabazlearen lehengusuak sidecar erakustaldia eginen du; eta ortziralean, parlamentarien eta kazetarien arteko badminton txapelketa mistoa jokatuko dute, Pello Urkiola Leitzeko bardoak bertsoak jarriko dizkio eraikin berriari eta Yurenak –lehen Ambar, eta lehenago Tamara– kontzertu “itzela” emanen du (hauteskunde kanpainaren hasiera dela-eta 23:59an bukatuko dena).

Alderdien kritika gogorrak

Espero izatekoa zen gisara, Sanchez de Muniainen agerraldia akitu eta berehala, UPN ez bertze alderdi politiko ia guztiek gogor kritikatu dute Nafarroako Gobernuaren ateraldia. Denek “elektoralistatzat” jo dute inaugurazioa; PSNk “irmoki” salatu du inauguraziorako beraiekin kontatu ez izana; Izquierda-Ezkerrak kritikatu du Kontuen Ganberari kasu egiten legealdiaren bukaeran hasi izana; EH Bilduk erran du ez duela ulertzen zergatik orain instalazio publiko batzuen kudeaketa erakunde publiko baten eskuetan utzi duten; eta Geroa Baik aipatu du inaugurazio ekitaldiak ez direla beraiek antolatuko lituzketenak; Podemosekoek ez dute zipitzik ere adierazi, Arrosadiko zirkuluaren eskuetan utzi nahi baitute gaia, eta hura oraindik sortu gabe dago.

Irakurle maitea, testu bukaeraraino ailegatu baldin bazara, esku zarta bero-beroa merezi duzu, bai eta artikulutxo hau idatzi duenaren eskerrik sentituena ere. Zu bezalakoak, gutxi.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!