"Gaztelera hiztunak biziki eskuzabalak izan dira euskararekin". Idoia Mendiak sua piztu zuen atzo Radio Euskadin hitz horiek esan ondotik. Euskaldunek ez zuten batere ongi hartu, baina UPN eta PSN alderdiek txalotu egin zuten bere "adorea". Are, bonbilla ere piztu zien Mendiaren elkarrizketak. Izan ere, "erdaldun eskuzabalei" omenaldia egitea erabaki dute. Iruñean kale bat izanen dute: Calle de los castellano-hablantes generosos kalea, hain zuzen ere. Gainera, ekitaldi instituzionala ere eginen dute ekainaren 9an. "1996ko ekainaren 9an onartu zen Hizkuntza Eskubideen Nazioarteko Adierazpena Bartzelonan, eta horri keinu bat eginez, omenaldia egun horretan egitea deliberatu dugu", azaldu du Jose Iribas hezkuntza kontseilariak.
Maria Chivite PSNko hautagaiak ez du aukera galdu bere alderdikide Mendiari besarkada bidali eta bere hitzei gorazarre egiteko: "Egia da, erdaldunak oso eskuzabalak gara euskaldunekin. Adibidez, hitza hartzen dudan guzietan egunon/buenosdías batekin hasten naiz, euskaldunak ere integraturik sentitu daitezen". Amaya Zarranz PPko parlamentaria ere ez da isilik geratu, eta UPNk eta PSNk adostutako omenaldia eskasa dela salatu du: "Kale bat? Soilik kale bat? Sarasate pasealekuari izena aldatzea edo Gazteluko plazan estatua bat jartzea neurri egokiagoa litzateke. Hori bai, hori eskuzabaltasunaren neurrira egindako omenaldia litzateke".
Oposizioa aurka
EHBilduk eta Geroa Baik omenaldia salatu egin dute, eta ez dira agertuko. Podemos hiri batzordeak erabakitzen duenaren zain geratu da eta Ezkerrak neurria kritikatu badu ere, euskararekin abegikor diren erdaldun asko dagoela gogorarazi nahi izan du. Txema Mauleonek hitz egin du koalizioaren izenean, eta soinean "hizkuntza hautatu nahi dut" zioen kamiseta zeraman. Kazetari batek galdetu dio ea elebakarrek hizkuntza aukeratzerik dutenez, baina orduan parlamentariaren telefonoak jo du eta ezin izan dio galderari erantzun.