2011n udal hauteskundeetan, ezker abertzalea eta bertze batzuk biltzen zituen Bildu koalizioak kolpe latza eman zuen Bildu gara, bildu kantarekin. Askok eta askok kanta “eder” haren melodiari egotzi zizkioten Bilduren emaitza onak, ez baitziren gutxi izan bozkatzerakoan ahoan estribillo itsaskorra zerabiltenak. “Bildu gara, bildu…”.
Oraingoan, ordea, abesti hartako protagonista nagusietako batek, Su Ta Gar taldeko kantari Aitor Gorosabelek, are kolpe latzagoa eman du eta, ezustean, iragarri du oraingoan bere sostengua emanen diola ezker abertzalekoa ez den hautagai-zerrenda bati; zehazki, Iruñeko Udalerako hauteskundeetan aurkeztu nahi duen Aranzadi 2015 zerrendari emanen dio babesa.
“Aranzadiren prentsaurreko baten argazkia ikusi eta bonbilla piztu zitzaidan: hauek gutarrak dira”, adierazi du Gorosabelek. Izan ere, argazki hori behatuta, inork gutxik ikusi zuen xehetasunaz jabetu zen Gorosabel: irudian ageri diren zortzi gizonetatik zazpi burusoilak dira; burusoilak arras. “Ez da irudi kontua bakarrik”, gaineratu du Eibarko kantariak. “Hor badago mezu bat”.
“Soildu gara, soildu”
Aranzadi 2015eko sustatzaileek haien hautagai-zerrenda “hiritar soilek osatzea” nahi badute ere, batere disimulurik gabe bilatu dute Izquierda-Ezkerra, Equo eta Podemos-Ahal dugu alderdien babesa. Lehenbiziko biek baztertu egin dute babes hori, eta Podemosek gaur berean emanen du bere erantzuna. Gauzak horrela, Aranzadiko kide batek Nafarroa WOWri aitortu dionez, “boto-emaile multzo ziurragoak” bilatu behar izan dituzte. “Lehenago edo geroago, gizon guztiok soiltzen gara, modu batean edo bertzean. Goian daudenek, 1978tik erregimenaren hariak mugitu dituztenek, eskura dituzte munduko Just for men guztiak. Behekooi, zapalduoi, ordea, soiltzea onartzea bertzerik ez zaigu gelditzen, eta horretaz harrotzea, eta ahalduntzea. Horixe aldarrikatu nahi izan dugu".
Maiatzeko hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko 3.000 sinadurak lortuz gero, Aranzadiren hauteskunde kanpainaren hasiera ekitaldian hartuko du parte Aitor Gorosabelek. Bakarlari gisa hasiera batean. Xabi Bastida Su Ta Garreko bertze gitarra jotzailearen laguntzaz, asko jota. Ekitaldi horretarako, eta gero kanpainan erabiltzeko, “kanta berezia” konposatu du Gorosabelek, Soildu gara, soildu izenburukoa. Bideoklipa egunotan grabatzen ari dira, Manolo Gilen zuzendaritzapean, eta, aurreratu dutenez, bertan “hainbat pertsona garrantzitsu” agertuko dira: Burusoiltxo umoregilea, Andoni Ortuzar kazetaria, El Drogas kantaria, Nino futbolaria, Ruben Beloki pilotari ohia, Alberto Catalan corellarra, Montgomery Burns pertsona migratzailea, Julen Madina korrikalaria, Antonio Resines antzezlea, Juan Cruz Alli euskara ikasle ohia…
Irrati formuletan gogor joko duen kanta konposatzeaz landara, Gorosabel hasi da dagoeneko Aranzadirekin kolaboratzen eta hauteskunde kanpainaren aurreko kanpainan erabiliko duten kartelean azaltzen da, bertze dozenaka burusoilekin batera.