Leitza Bizkaia da. Kanpaina berri baterako leloa izan daiteke hori. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak herria bere egin nahi du. Halaxe esan du gaur goizean Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak prentsa aurreko agerraldian. Eskari formala ere egin dio Nafarroako Gobernuari zuzendutako eskutitz batean, eta irmo agertu da: "Leitza Bizkaia da, eta Nafarroako Gobernuak ez badau hori aitortzen erreferenduma egingo dogu herrixan".
Leitza Bizkaia dela frogatzeko hainbat arrazoi "eztabaidaezin" eman ditu Bilbaok. Alde batetik, herriaren armarriaz mintzatu da. "Ez da historialaria izen bihar ikusteko Leitzako armarria eta Bizkaikoa berdinak direzela. Leitzakoak otso bat falta dau, baie gainerakoan, berdin-berdinak direz". Nafarroa WOW-k armarrietan aditua den lagun batengana jo du hori baieztatzera. Emaitza begibistakoa da.
Bigarren arrazoiaren aurrean ere, erantzunik gabe geratu dira Nafarroako agintariak. "Dantzari dantza egiten daurie herriko jaixetan, Durangaldeko dantzak alegia", azaldu du Bilbaok. Oier Araolaza dantzan.eus webguneko arduradunak onartu du dantza bera dela Leitzan eta Durangon egiten dena, eta Bizkaitik Nafarroara heldu zela, ez alderantziz. Azkenengo argudioa linguistikoa izan da. "Ez doste dut esaten, dot baizik, geuk lez".
Injerentzia
Bilbaoren hitzak eta eskaria onartezinak direla esan du Nafarroako Gobernuak, eta Leitza beti Nafarroa izan dela gogorarazi diote. "Abertzaleek Nafarroa zatika kendu nahi digute orain, faszikuluka eskatzen hasi dira. Gaur Leitza da, bihar Goizueta, etzi Larraun eta etzidamu Iruñeko Merindade osoa". Azkenengo Osoko Bilkuraren ondoren bidalitako prentsa oharrean jakinarazi du Gobernuak bere jarrera, eta "injerentzia berritzat" jo dute.Patxi Zabaletari ere galdetu diote aferarengatik, baina nahiago izan du oraingoz hitzik ez esan. "Gaur egun berezia da, eta ez nuke nahi beste gai honek nire agurra estaltzerik", esan du.
Leitzako Udalak ere ez du deus esan, eta horrek susmo txarra piztu du UPNren eta PSNren baitan. Geroa Baik ere ez du balorazio zehatzik egin, baina erreferenduma egin behar bada eginen dela aurreratu dute. Podemos-Ahal Dugu alderdiak ez daki zer erantzun, batzarrean kontsultatu behar dutelako.