Jesus Aizpun, Alfredo Jaime eta "Garcilaso", UPNk behar zuen talentu gaztea

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroa Wow 2015ko mar. 19a, 13:54

Erregimen aldaketa gertu egon daitekeela-eta, maiatzeko bozetarako zerrendak berritzea otu zaio Javier Esparza UPNko hautagaiari. "Neurri iraultzailea" proposatu dute oraingoan: hildakoak berpiztea eta zerrendetan paratzea.

"Aurpegi berriak behar ditugu. Alderdia ustelkeria auziekin zipriztinduta dago, eta ezinbestekoa da boto-emaileen konfiantza berreskuratzea". Argumentu hori erabili du Javier Esparza UPNko hautagaiak, hauteskundeetarako zerrendak osatzeko garaian, talentu gazteen aldeko apustua egiteko. Oraingoan, ordea, aldaketa ez, IRAULTZA da alderdi eskuindarrak proposatzen duena: Jesus Aizpun, Alfredo Jaime, Rafael Gurrea edota Raimundo Garcia "Garcilaso" (Diario de Navarraren sortzaile eta zuzendaria) joanen dira UPNren zerrendan, 2., 3., 4. eta 5. postuetan, Esparzaren atzetik.

Bikaina eta iraultzailea izanagatik, ordea, ideia horrek bazuen arazo bat: horietako batzuk hilda daude aspaldi. Baina buruzagi erregionalistak ez daude halako txikikerietarako. Hala, Txumari Alfaro aztiaren laguntzarekin, espirituak inbokatzea lortu dute Vianako Printzeko egoitzan. "Jaime eta Gurrearen kasuan, nahikoa izan da makillaje apur bat, baina beste biekin, egoera zailxeagoa suertatu zitzaigun", azaldu du Alfarok. "Berehala deskubritu genuen, ordea, Foru Hobekuntzaren testua ozen irakurrita eta Anoz Anaien disko bat atzekoz aurrera entzunda, foru komunitateko hildakoak berpizten ahal genituela".

Esan eta egin. Udaltzaingoaren unitate berezi baten laguntzarekin, Iruñeko hilerrian egin zuten esperimentua UPNko arduradunek. Eta ongi suertatu zen. "Hasiera batean, despistatu xamar zeuden Aizpun eta Garcilaso, baina plana azaldu diegu eta ongi iruditu zaie biei".

NAFARROA WOW agerkariko kazetariak aukera izan du hautagai berriak esklusiban elkarrizketatzeko. "WWWOOOBRERABREERBBRBRRBRBRRRRRRR....", adierazi du Garcilasok. Eta Aizpun ere ez da atzean gelditu: "BBBBOOOOOROOOOORRORRRRRRURGH!!". Horren ostean, udaltzain bati hozka hasi dira biak. "Ikusten? Egoera ezin hobean daude biak!", esan digu Txumari Alfarok, lortutako emaitzarekin pozik.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!