Osasunak 200.000 euro ordaindu zituen ortzadarra agertarazteko, jokalariek golen bat sar zezaten

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroa Wow 2015ko mar. 16a, 22:01

Kontuz elkarteak salatu duenez, Osasunaren zuzendaritzak Urko Aristi eguraldi-mutilaren bitartez kontratatu zuen fenomeno meteorologikoa (Argazkia: Iker Beroiz)

Joandako larunbateko Osasuna-Alcorcon partida ikusi zutenek ortzadar handi bat antzemanen zuten Sadar futbol zelai gaineko zeruan. Gehienek egoera metereologikoari egotziko zioten fenomenoa, baina ez zen euria eta eguzkiaren nahasketaren ondorioz izan.

Kontuz elkarteak salatu duenez, Luis Sabalzaren zuzendaritza ere bete-betean dago partida-konponketen aferan sartua. Antza, azken hilabeteotako diru-mugimenduetan badira sobera argi ez dauden transakzio batzuk, tartean EUSKALMETi egindako 200.000 euroko diru sartze bat. Mugimendu horrek larunbateko partidaren orduan, Sadar futbol zelaia kokatua dagoen koordenadetan ortzadarra agertarazteko ordainketarena litzateke. NAFARROA WOWk jakin duenez, gainera, Urko Aristi eguraldi-mutilak egin zituen Osasunaren eta EUSKALMET-en arteko bitartekari lanak.

Osasunako gidariek espero zuten, modu horretan jokalariek gola errezago lortuko zutela, baina ezta hurrik eman ere! Erderakada baliatuz, Gorritxoek ez diote ortzadarrari ere golik egiten eta erdietsitako gol bakarra penaltiz sartzeko gai baizik ez zen izan Roberto Torres jokalaria (hori bai, Alcorconen atean).

 

Mateo ideologo

Osasunaren inguruko ustelkeria kasuak ikertzen ari den Fermin Otamendi epaileak Luis Sabalza galdezkatu du gaur goizean. Auzitegitik ateratzean Sabalzak adierazi duenez “Edozein osasuna-zalek daki baloia estadiotik kanpo botatzeko jokalari aproposak izan dituela gure taldeak bere historian: Pepin, Spasic, egungo entrenatzaile Mateo bera... Azken honek egin zigun proposamena, taldearen jokoa bere dohainetan oinarritu nahi baitu entrenatzaile berriak”. Urko Aristik ere deklaratu du epailearen aurrean eta Ibarran jaiotakoa den arren, adierazi du bihotza aspalditik duela gorritxo “batez ere Euskalerria irratian Osasunaren partiden kontakizunak ematen zituztenetik”. “Osasunaren etorkizun beltza ortzadarraren koloreekin koloreztatzea zela asmoa aipatu zidaten Osasunakoek, ez dakit besterik” zuritu du bere burua Aristik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!