Gaurko prentsan irakur daitekeenez (esaterako, hemen), Fiteroko Guardia Zibilaren kuartel berria herriko festetan inauguratuko dute, eta betizuak izanen dira hori ospatzeko. NAFARROA WOW-k jakin ahal izan duenez, Udalak eta Espainiako Barne Ministerioak hitzarmena lotu dute, eta festen birmoldaketa askoz sakonagoa izanen da: San Raimundoren omenezko festak izatetik Ahumadako Dukearen Festa Benemeritoak izatera pasako dira."Guardia Zibilaren festa tematikoak izanen dira, ezin dibertigarriagoak, pedagogikoagoak, espainiarragoak, patriotagoak, arrrrrriba Españññña!", azaldu du Espainiako Barne Ministro Jorge Fernandez Diazek.
Jakina denez, Fernandez Diaz ministroak Fiteron ematen ditu udako oporrak, eta askok diote horregatik eraiki duela kaserna berria herrian, batere beharrik gabe. Duela urtebete, zer esan franko eman zuen kuarteleko lehen harrria paratzeko ekitaldiko argazkiak, eta hain zuzen ere horretan oinarritu da Fernandez Fiteroko Festa Benemeritoen egitaraua osatzeko. "Argazki hori guztiz inspiratzailea izan zen, hor ikusgai baitziren gure betiko balioak, ongi pasatzeko dugun modua, eta otu zitzaidan ederra litzatekela balio horietan oinarrituriko festak antolatzea. Alkatearekin hitz egin nuen, eta ez da batere arazorik izan, berehalakoan jarri gara ados, Espainiar onok ohi dugunez", azaldu du Fernandez Diazek.
NAFARROA WOW-k Festa Benemeritoen egitaraua lortu du, esklusiban. Berde kolorekoa da, jakina. Honatx xehetasunak:
Fiteroko Festa Benemeritoen egitaraua
12:00 Artezilariek Txupinazoa desaktibatuko dute. Bitartean, Fernandez ministroak "Fiterarrok, gora Festa Benemeritoak! Gora Ahumadako dukea!" oihukatuko du.
13:00 Bermuta Guardia Zibilaren bandak lagunduta. Dantzaldia bainoago, desfilea.
14:00 Herri bazkaria? Ez bada! Bazkari militarra. Menua: entsaladilla inperiala, tortilla espainiarra, paella eta zezen barrabilak. Postrea: ijito besoa. Kopa: Eguzkia eta Itzala (solysombra, alegia).
16:00etatik aitzina, tiropitxoi benemeritoa: karabinen ordez gomazko pilotak, eta zotzen ordez etorkinak.
17:00 Tanke puzgarriak haurrendako
18:00 Origami Pikoleto Tailerra.
18:30 Abelburu suharren entzierroa, Legioaren ahuntzarekin
20:00 Fitero Kantuz (Mi carro, Guardia Zibilaren ereserkia, Txunda, txunda, ta txunda, txunda, txunda...)
21:00 Guardia Zibilaren kuartelaren inaugurazioa
23:00 Su artifizialak, Espainiako Armadako lagunek utzitako Mistral misilekin.
00:00 Gaixoa ni