Urgentziazko bilera egin dute Nafarroako hainbat umoristak, aldaketaren aukerak larrituta

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroa Wow 2015ko mar. 13a, 11:26

UPN lehen lerrotik desagertzeak sektorearen "amiltzea" ekar dezakeela ohartarazi dute.

Urgentziazko bilera egin zuten atzo Nafarroako hainbat umorista, zutabegile eta hedabideetako ohiko kolaboratzailek, Nafarroan aldaketa politikoa gauzatzeak ekar dezaken panorama aztertzeko. Bertan izan zen ere Nafarroa WOW-ko kide bat, albiste hau filtratzeaz arduratu den hauxe bera. Azken aldian, kezka da nagusi sektorean, UPNrik gabeko eszenatoki batek umorearen kontzepzioan eragin dezakeen amiltzeagatik. Arduratuta agertu ziren atzo bilerako partaideak, orain arte txiste erraz, karikatura eta tiretako protagonista nagusia izan dena lehen lerrotik kentzeak ekar dezakeenagatik. Euren buruei egotzi zieten lehen erantzukizuna: “Ez dakigu txisterik egiten UPN tartean sartu gabe”.

 

Garai oparoak izan dira orain artekoak Nafarroako umorearen sektorearentzat. Agintean izan den alderdiak, eta bere lekaio fidelak, lehengai mamitsua eskaini izan diete umoristeei, lan egin dezaten. Bilerako partaide batek ezin hobeki azaldu zuen egoeraren funtsa: “gure aukeren gainetik bizi izan gara”. Sentsazio partekatua zen hori, eta nostalgiaz errepasatu zituzten orain arte erregimenak emandako txisteetarako aukerak: ezertarako balio ez duten azpiegitura garestiak, Nafarroako Kutxaren hondamendia, ustelkeria kasuak, murrizketak, adierazpen irrigarriak, Barcina-Jimenez tandem beti 'jokosoa', merengearen une ahaztezinak...Kontuak hala, aldaketaren aukerak umoreari ekar diezazkioken kaltetaz ohartarazi nahi izan zuten bileran parte hartutakoek, eta mezua zabali nahi izan zioten nafar jendarteari, botoa zeini eman ongi pentsa dezaten. Txosna eremu eta gaztetxeetako lelo ohiko izan dena ere gogorarazi zuten: “umorerik gabeko iraultza, gorringorik gabeko arraultza”. Eta Iruñeko Peñen Federazioak ere arazoaren tamainaren berri eman zuen, aldaketa emanez gero sanferminetako pankartak desagertu daitezkeela ohartaraziz.

 

Txarrenean jarrita, ordea, aldaketa egoera batek ekar ditzakeen aukerak aztertu zituzten atzoko bileran, baina etsipena izan zen nagusi. Umorista grafiko batek azaldu zuenez, “planoegiak” omen dira Adolfo Araiz edota Laura Perez bezalako hautagaien aurpegiak, “karikaturizatzeko zailak”, bere hitzetan. “Behintzat sudur luzea edo belarri handiak balituzte. Ez dugu hainbeste eskatzen”. Gauzak horrela, aspaldiko txisteak berreskuratzearen aldeko ahotsak entzun ziren bilkuran. Maiorga Ramirezen armonika berriro haizatzearen aukerak hartu zuen indar gehien.

 

Panorama beltzean, edonola, itxaropenerako izpiak ere ikusi zituzten atzo bildutakoek. Osasunaren inguruan izandako azken gertakariek aukera handiak ekarri dizkiote sektoreari, batez ere, ohiko gaiak lehen lerroko politikatik beste arlo batzuetara eraman ahal izateko, kirolera, kasurako. Bat egiten zuten denek Angel Ardanazen Osasunako gerentearen azken esaldiak (“La sensacion que tengo es que esto es una mierda”) joko asko eman dezakeela esaterakoan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!