Badator, hemen da... UPN berritua!!

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroa Wow 2015ko mar. 12a, 12:22

Hainbat adituren laguntzari esker, irudia eta mezua berritzeko egitasmoa aurkeztu du UPN alderdiak. Boto-emaileen emozioetan eragin nahi dute zuzenean.

Garai berriak, politika egiteko estilo berriak. UPNk ez du modernitatearen trena galdu nahi, eta egitasmo berria prestatu du alderdia goitik behera berritzeko. Maiatzeko hauteskunde kanpaina izanen da alderdi erregionalistaren irudi berritua ikusteko lehen aukera, baina proiektua ez da horretara mugatuko. "Pauso bat harago joan behar dugu", azaldu dio Nafarroa WOW agerkariari egitasmoaren arduradun den Sergio Sayasek. "Buzz Lightyear nire heroi kutunak esanen lukeen bezala, tu the infinito and more beyond".

Horretarako, komunikazio, soziologia eta zientzia politikoen alorretan aditu diren 20 doktore eta unibertsitate irakasle bildu dituzte, nafar erregionalismoaren etorkizuna eraikitzeko. Programa iraultzaile bat ondu dute denen artean: Politikaren Aurpegiaren eta Lengoaiaren Aldaketak Neurtzeko Teknologia Egitasmoa (PALANTE). Hautagaien irudia berritzea da epe motzeko helburua.

UPNk 2011ko bozetan erabilitako leloa.

Irudi berriaren lagin bat ikusi ahal izan du nafar gizarteak #EsparzaCurrante kanpaina arrakastatsuari esker, eta horrek izan duen harrera beroa ikusita, kanpaina zabaltzea erabaki dute UPNko agintariek. "Mezu laburrak. Sinpleak. Arrazionaltasunean bainoago, boto-emaileen sentimenduetan eta irrika irrazionaletan eragingo duten mezuak. Hori da xedea", laburbildu du Franz Voldenberger politologo corellarrak. "2007an, 'Sí a Navarra' lelo sinplearekin aurkeztu ginen, eta irabazi genuen. 2011n, mezua pixkat konplikatu genuen "Muévete por Navarra" leloarekin, eta irabazi arren, emaitza kaskarragoak erdietsi genituen. Horregatik, gure erroetara jotzea erabaki dugu maiatzeko bozei begira. Lelo definitiboa bururatu zaigu: EUUUUUUUU!!!"

Leloaren indarra ikusita, UPNren zerrendetan aurkeztea erabaki zuen Yolanda Barcinak atzo, garaipenarekin erabat sinetsita. "Asmatu dugu", adierazi zuen ehunka militanteren aitzinean eginiko agerraldian. "Ez nuen pentsatua 2015eko hauteskundeetara aurkeztea, baina lelo honekin ez dugu inoren beldur izan behar. Podemos? EH Bildu? Ja! Guk argi daukagu. Egin irribarre, irabaziko dugu-eta! EUUUUUU!!"

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!