Joan den astelehenean, #YoSoyRojillo #NiGorritxoaNaiz kanpaina jarri zuen abian Osasunak (horren bideoa, hemen). Horren karietara, osasunazaleei Sadarreko aldageletako ateak zabaldu dizkiete, paretetan jokalariei zuzenduriko mezuak idatz ditzaten. Xedea, zaleen berotasunaren bitartez jokalariak alor instituzionaleko ustelkeria giro zakarretik aldentzea.
@ororostorm-en txio bat abiaburu
Hainbat zalek sutsuki erantzun diote kanpainari Sadarrera jaitsiz zein sare sozialetan sostengu mezuak zabalduz. Haatik, horren guztiaren karietara Santi Leone @ororostorm-ek Twitterren idatziriko mezu batek asko aztoratu zituen kanpainaren antolatzaileak. Oso laburra zen, baina arrunt birrintzailea: “#YoNoSoyRojillo #TxioSerioa”.
Hori ikusita, beste kanpaina bat diseinatu dute, helburu argi batekin: osasunazaleak ez diren Leone bezalako herritar euskaldunen sostengua lortzea. “Futbolzaleak ez diren euskaldunei ulertarazi nahi diegu desagertzen bada, Osasunak ez duela Ogasunarekin duen zorra kitatzerik edukiko, eta beraz komeni dela taldea sostengatzea mailari eutsi diezaion eta ordaintzerik eduki dezan”, azaldu digu Osasunako marketing, branding eta catering arduradun Manolo Bonboarenak.
Bat, bi, hiru, lau, Ogasuna, gora!
Hori guztiori horrela, Osasunak herritarrei Sadarreko Palkoko komunetako ateak zabaldu dizkie, paretetan mezuak idatz ditzaten zuzendaritzako kideentzako: “Ideia da oroitaraztea zer nolako zorra duten Ogasunarekin, taldeak aurrera eginez gero ez dezaten ahantzi”.
Dagoeneko hainbat herritarrek aukera profitatu dute eta haien mezuak izkiriatu dituzte komunetan. Gehienak, inspirazio klasikokoak dira, eta nahikoa lakonikoak: “Bat, bi, hiru, lau, Ogasuna, gora!”, “Club Atletico Ogasuna”… Bada luzeago bat, Txikilin zale mitikoaren oihu gogoangarria parafraseatu egiten duena: “Osasuuuuna! Ordaindu! Osasuuuuna! Ordaindu! Osasuuuuuuuuuuna! Ordain! Ordaindu! Ordaindu! A la bi, a la ba, a la bim, bom, ba, Ogasuna, Ogasuna, aurrera!”. Zale batek, Aritz Ibañezek, kanpainarako logoa diseinatu du. Lerroon azpian ikus dezakezue.