Angel Bizkai, Osasunako gerente ohiak Espainiako Futbol Ligako ordezkarien aitzinean egindako aitorpen mamitsuek zer esana ematen jarraitzen dute. Bizkaik Nafarroako Gobernuaren Ogasun saileko inspektore bat partiden erosketen jakitun zela aitortu ondotik, NAFARROA WOW-ko ikerketa taldeak zera jakin ahal izan du, argitu ezin ditugun iturrien bitartez: nafarron dirua kudeatzeaz arduratzen den erakundeak Osasunarendako zenbait fitxaketa egin zituela zuzen-zuzenean. Foru Gobernuko Ogasun saileko azken bi buruek, Alvaro Mirandak eta Lourdes Goikoetxeak, fitxatu omen zituzten besteak beste, Dady, Margairaz eta Cadamuro, erakundearen irizpide eta begi ona ezin hobe islatzen duten fitxaketak, prefosta! Ogasun sailak Lolo, Nano, Nino eta Sisi-ren fitxaketetan ere zerikusirik izan ote zuen ikertzen ari da Nafarroako Auzitegi Nagusia.
Lourdes Goikoetxeak ez du inongo informaziorik
Afera hauetaz galdetuta, egungo Foru Gobernuko Ekonomia eta Ogasun sailburu Lourdes Goikoetxeak “ez dut horri buruzko inongo informaziorik” soil batez erantzun du. Are gehiago, Iruñeko hedabide bateko bekadun despistatu batek “Barka Goikoetxea Anderea, zure izen-tipia gogoratuko zenidake?” galdetu dionean “ez dut horri buruzko inongo informaziorik” izan da sailburuaren arrapostua.