The Simpson marrazki bizidunetako sortzaile Sam Simon zendu da, Los Angelesen (Estatu Batuak), 59 urterekin, hesteetako minbizi baten ondorioz, besteak beste hemen irakur daitekeenez.
NAFARROA WOW-k Sam Juda bere lagun minarekin hitz egiterik izan du, eta Juda jauna guztiz atsekabeturik azaldu da: “Sam Simon eta Sam Juda kanta arrakastatsua elkarrekin grabatu genuenetik, Simon lagun min izan dut, ez dakit zer eginen dudan bera gabe”.
Judak aitortu duenez, berarentzat oso pertsona garrantzitsua izan da Simon: “Gazte garaietan oso laguntasun harreman zaila izan nuen Jesus izeneko mutil batekin. Oso esperientzia txarra izan zen, eta Simonek laguntasunaren egiazko zentzua berriro ulertzen lagundu zidan”.
Pello Zabala: “Honek egiazko aldaketa klimatikoa ekarriko du”
Kantak dioenez, Sam Simon eta San Juda, joan zen uda eta negua heldu da. Sam Simon desagerturik, zer gertatuko da neguarekin? Iritsiko al da? NAFARROA WOW-k horixe galdegin dio Pello Zabalari, eta erantzuna guztiz asaldagarria izan da: “Orain arte ekologistek-eta iragartzen zuten aldaketa klimatikoa memelokeria hutsa zen. Baina orain bai, orain aldaketa klimatikoa dator. Nola hasiko da negua Sam Simon gabe? Nola moldatuko da Sam Juda negua bera bakarrik ekartzen? O tempora, o mores!”.
Urko Aristiri ere galdetu diogu gai honetaz, baina bi orduko erantzun amaiezina eman digu, eta sekulako nagia ematen digu hori transkribatzen hasteak.