D eredua, nafar hizkuntzen eredua

Erabiltzailearen aurpegia NIZE 2016ko abe. 7a, 14:22

Euskararen eta Nafarroaren egunaren ospakizunaren harira, agerraldi bateratua egin genuen NIZEk (Nafarroako Ikastetxe Publikoetako zuzendaritzakideen Elkartea), NIEk (Ikastolen Elkartea), Sortzenek, Topaguneak, Euskarabideak eta Kontseiluak.

Nafarroaren eta euskararen eguna uztartzen diren egunaren bezpera honetan, Nafarroan euskarazko hezkuntzaz arduratzen garen zenbait eragile batzen gara (NIZE, NIE, Sortzen, Topagunea, Euskarabidea eta Kontseilua), euskaraz eskaintzen den irakaskuntzaren garrantzia azpimarratzeko.

Ezin genezake ulertu euskararik gabeko Nafarroa, euskara bera, Nafarroa gabe ulertu ezin den bezala.

Nafarroako bi hizkuntza ofizialetan pertsona elebidunak hezten dituen eta aldi berean, atzerriko hizkuntzaren irakaskuntzaren bidez, modu egokian eta integratu batean eleaniztasunerako bidea bermatzen duen eredu bakarra gara.

Pertsona elebidunak prestatzen ditugunean, etorkizuneko lurralde justuagoa bultzatzen ari gara, horrela nafar guztien hizkuntza eskubideak bermatzen joango direla ziurtatzen delako. Euskaraz ikastea hizkuntza bat ikastea baino gehiago da; munduko hizkuntza eta kultura aniztasunaren aurrean jarrera positiboa eta errespetuzkoa bultzatzen du. Hizkuntzak zaintzea lagungarria da, zalantzarik gabe, herrien arteko elkarrizketa eta bakea ahalbidetzeko. Horretaz gain, pertsona horiei aukera gehiago ematen diegu euren etorkizuneko lan arrakasta lortzeko, bi hizkuntza menperatzeak lanpostu gehiagotarako atea irekitzen dielako.

Eleaniztasuneko bidea ere irekitzen zaie atzerriko hizkuntzaren bidez. Elebidun izateak erraztu egiten du hirugarren hizkuntzaren ikasketa eta, horrela, globalizatutako egungo munduan elkarbizitzeko, jakintza iturri anitzagoetara iristeko edo atzerriko lan eskaintzan parte hartu ahal izateko aukerak areagotzen ditu. Bide batez, askatasun handiagoa emango die norberaren etorkizuna eratzeko. Jakintzak beti, hizkuntzen kasuan ere, askatasuna ematen du.

Gure ereduak gainera eskarmentu handiko ibilbidea du. Horrek, eskaintzen dugun hezkuntza, urteek emandako esperientzian oinarritua dagoela ziurtatzen du eta denbora horretan guztian zehar egin izan diren barne eta kanpo probetan emaitza onak lortu ditu.

Urte horietan ordea,  ez gara aurrerapen metodologikoetan atzean gelditu,  berrikuntzetan aitzindari izan gara, bai alderdi metodologikoetan, pedagogikoetan eta baita balioen lanketan ere (bizikidetza planak, hezkidetza planak eta bestelakoak), geure ikasleen hezkuntza integrala bermatzeko, bai sare publikoan zein kontzertatuan.

Beraz, Nafarroako familiak animatu nahi ditugu, geure herrialdeko bi hizkuntza ofizialetan pertsona elebidunak hezten dituen eredu bakarra hautatzera. D eredua, nafar hizkuntzen eredua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!