Ospakizuna

Erabiltzailearen aurpegia Fernan Mendiola

Penaz galdu nuen aurreko ostegunean, urriaren lehenean, irrati honetako egoitza berriaren inaugurazio festa, musikaz, bertsoz edota ekoizpen bisualez gozatzeko aukera ez ezik, lagun askorekin ospakizuna partekatzeko aukera izan baitzen.

Ospakizuna da, hain zuzen ere, azpimarratu beharreko hitza. Urte askotako lana ospatzekoa, zailtasunei aurre egiteko gaitasuna ospatzekoa, baita etorkizuneko erronka berriei aurre egiteko ausardia zein irudimena ospatzeko ere. Eta hori guztia ez ezik, hori guztiarekin batera, komunitate bat saretzeko gaitasun eta borondate irmoa. Ez nintzen egon, baina bertan sentiarazi ninduzuen.  

Ospakizuna, bai, komunitatea, irudimena eta ausardia ezinbesteko tresnak baitzaizkigu bizi ditugun garai zail eta kezkagarrietan. Ospakizuna, Euskalerria Irratia bezalako proiektu komunikatibo berria altxor bat delako.

Honekin ematen diot hasiera, beraz, aurtengo kolaborazio txandari, emandako pausu berriagatik zorionak emanez eta nire hausnarketak modu publikoan konpartitzeko aukera eskertuz. Laster arte, lagunok!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!