Ospe handikoak dira Nurembergeko epaiketen argazkiak, tartean Krupp edota Flick enpresari alemaniarrak agertzen diren horiek. Akusatuen aulkian eseriak, gizateriaren aurkako krimenak egin izana leporaturik, bortxazko lanak tartean. Egia esan, zigorrak zigor, laster indultatuak izan ziren horiek, eta enpresari alemaniar gehienak oso ongi egokitu ziren gerraosteko giroan, haien iragana estaliz edota justifikatuz.
Antzezlana izan ziren, beraz, neurri handi batean, Nurembergeko enpresarien epaiketak. Eta hala ere, hortxe gelditu dira. Argazkietan bilduta, historiarako erretratatuak.
Ez dakigu zertan geldituko diren Gazaren genozidioren inguruko nazioarteko ekimen judizialak, baina dagoeneko argitaraturik dagoen informazioarekin, aukerak daude genozidioarekin aberastuetako enpresek erantzukizun legalak izateko.
Ondorioak ere ez daude argi, baina hala ere historiarako erretrataturik gelditzen ari da CAF enpresa. Argazkia egina berri du Nazio Batuen Elkarteko txosten batek.
Hori gutxi balitz, nazioarteko epaitegirako bidea irekia du. Bere esku, eta bere langile eta akziodunen esku ere badago bide horretan segitzea. Langileek ordubeteko geldialdi bat deitu dute biharko, eta akziodunek? Eusko Jaurlaritzak ere badu zer esanik horretan...