Paris eta Magreb, balkoitik ikusita

Erabiltzailearen aurpegia Fernan Mendiola 2025ko ots. 5a, 15:49

Ez dituzte oso ikuspegi zabalak San Lorenzo karrikako etxeek, baina hala ere gure balkoien aurrean mundu zabaleko aireak entzun eta antzematen dira.

Eiffel Torrea ez, baina Pariseko ahotsak entzun egiten ditugu, euskaraz edo gazteleraz. Gure balkoipean aritzen dira Paris 365 jantoki sozialeko langile eta boluntarioak, janaria biltzen, haien artean hizketan, edota bertaratzen diren migranteekin solasean. Batzuetan barrezka, beste batzuetan, lasai, beste alditan, berriz, eztabaidatzen. Askotan egoera baretu nahian ere. Poliziekin eztabaidatzea ere tokatzen zaie.

Afrikako ahotsak ere entzuten dira, Magreb aldekoak asko, arabieraz eta amazigheraz. Horien artean ere denetariko egoerak: txantxak zein borrokak, lasaitasuna zein urduritasuna. Gosea beti. Hotza askotan.

Berdin jarraitzen du egunerokotasunak guretzat, arazorik gabe, baina kaleko paisaia aldatu egin da. Mundua hurbildu zaigu azkenotan, eta begi aurrean duguna ulertzeko gure kaletik haratago begiratu behar dugu, Paris 365 jantokiko langileek hartutako erabakia ulertzeko ere.

Izan ere, etxe azpian ez dira Mediterraneoa gurutzatzeko paterak ikusten. Kalean lo egiteko aterpe xumeak ere ez ditugu ikusten, ezta etorkinei eskubideak ukatzen dizkien atzerritartasun legea ere.

Eta kontu horiei erreparatu ezean arazoak gero eta gehiago izanen dira, San Lorenzo karrikan ez ezik, Europa osoan ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!