Erraz mugitzen dira kapitala eta enpresak munduan barna. Irabazi azkarren logika, etekin pribatuak lehenesten dituzten politika liberalen babespean. Nafarroan berriro ere izan dugu horren adibide argia, oraingoan BSH lantegiaren itxieraren iragarpenarekin, 600 langile baino gehiago kaleratzearen berri emanda.
Kexu agertuko dira orain erakundeak, kexu horiek kudeatzen dituzten partidu politikoak. Hala ere, kexak baino, politika ekonomikoen norabide aldaketa da behar dena, tokian tokiko ekoizpena lehenetsiz, langileen eskubideak irmoki bermatuz. Hori gabe, alferrikakoak dira adierazpenak, nire ustez.
Kontraesan horren adibidea izan dugu egunotan, alegia, Europar Batasuna eta Mercosur-en arteko akordio ekonomikoarekin, han eta hemengo nekazari txiki eta ekologikoei kalte eginen diena.
Azken batean, BSHren itxierak berriro ere aspaldi genekien zerbait gogorarazi dugu: kapitala eta merkataritza librearen logikak lehenesten diren bitartean, arriskuan egonen dira langileen eskubideak, enplegu bera, eta lurraren etorkizuna.