Irailarekin batera, bat-batean datozkigu azken kurtsoetan, astean bitan edo hirutan, aldizka sortutako buruhausteak.
Zertaz hitz egingo dut aste honetan? Zergatik ez dut lehenago pentsatu? Orain lanak itota nabil eta ez zait ezer bururatzen... Berriro ere ekologia, lan gatazkak, militarismoa? Beti antzeko gaiekin nabil... Norbaiti axola al zaio nik pentsatzen dudana?
Hauexek dituzue, entzuleok, Euskalerria Irratiko nire kolaborazioa egin aurretik sortu ohi zaizkit buruhausteak, eta kurtso hasierarekin batera mahai gainean, edo buruan bueltaka, dabilzkit berriro.
Beste zeregin bat aste barreneko gure estresaren erdian. Nolabaiteko ezinegona momentu hurbildu ahala. Eta horren gainetik, poza iturria.
Berriro ere nire ahotsa gehitu nahi dute Euskalerria Irratiko lagunek beren kolaboratzaile sare anitz eta aberatsari. Berriro ere komunitate baten partaide izatera gonbidatu naute. Berriro ere aukera paregabea nire hausnarketa batzuk zuekin konpartitzeko, entzuleok.
Mila esker, beraz, Euskalerria Irratia! Zorionekoak, berriro ere, kurtso hasierako buruhauste hauek!