Kritika ez ezik, haserrea eta ezintasuna daude munduan hedaturik, Gazan Israelgo armadak daraman estrategia ikusita. Hala ere, kritika horrek ez du lortu orain arte biztanleria palestinarraren aurkako erasoak geldiaraztea, eta gero eta kontsentsu handiago dago beste genozidio baten aurrean aurkitzen garela.
Protestaren osteko ezintasunak, dena den, ez gintuzke etsipenera eraman behar. Izan ere, gure gizarteek eta erakundeek ez dute orain arte erabili Israelen politikaren aurka aritzeko eskura dituzten tresna guztiak.
Horien artean, zalantzarik, gabe, boikota eta ez kooperazioarena daude. Azken honekin europar estatuek eta enpresek Israelgo gerra ekonomia ito zezaketen, jakina baita armagintzaren osagaien inportazioak ezinbestean behar dituela Israelek gerra jarraitzeko.
Hortaz haratago, dena den, harremanak eteteko aukera ere mahai gainean dago. Emankorra oso izan zen Hego Afrikako apartheid egoerari bukaera emateko, eta orain ere fruitu asko eman lezake.
Ez da, beraz, etsipenerako momentua, gure erakundeen politikarekiko eskakizun maila igotzeko baizik, Israelgo politika kriminala bakartua eta isolatua gelditzeko asmoz.