"Gerra hemen hasten da" mugimendu antimilitaristaren lelo ezaguna da, eta hori gogoratu behar dugu berriro Gazako jendartearen gaineko erasoen irudiak ikustean.
Izan ere, eta modu ezberdinetan, euskal enpresa batzuk erantzukizun zuzena dute Israelek aurrera daraman proiektu kolonizatzailean, biztanleria palestinarraren heriotzean eta deportazioan oinarritutakoa.
Sener enpresa bizkaitarraren kasua nabaria da oso. Bere esportazioen inguruan datu batzuk izkutatzen baditu ere, kontratuak izan ditu azken urteotan Israelgo armagintzaren arloko enpresa batzuekin, eta susmo sendoak daude pentsatzeko Gazan erortzen diren misilak zuzentzeko sentsoreak Euskal Herrian ekoiztutakoak direla, enpresa horretan, alegia.
Gazan ezezik, Zisjordanian ere aurrera doa palestinarren kanporaketa, kolonoen asentamenduak direla medio, eta kolonizazio estrategia horretan partehartze zuzena du Beasaingo CAF enpresak, bera ari baita ekoizten Jerusalem eta asentamendu horiek lotzeko tranbia.
Sarraskiaren lekuko garen egunotan, elkartasunerako eta su-etenerako deiak ez ezik, Israelgo asmo kolonizatzaileekin lotura konplizeak eteteko momentua bada, eta boikot hori bereziki beharrezkoa da armagintzaren negozio odoltsuaren inguruan.