Kriminalak izan al daitezke legea bere horretan aplikatzen dutenak? Aspaldi ohartarazi zigun Hanna Arendetek estatu arrazoiaren ezarpena eta legearekiko obedientzia itsua gaiztakeria garaikidearen motor nagusienetakoak direla.
Jakina da Europar migrazio politiken ezarpenak, eta politika horiek bermatzeko mugen gogortze eta militarizazioak, milaka pertsonen heriotzak eragiten dituela. Eta horixe da, hain zuzen ere, aste honetan Iruñean goi-bilera egin duen Frontex agentziaren betebehar nagusia, heriotza dakarren legearen aplikazioa. Itsasoak ez, legearekiko obedientzia itsuak itotzen ditu migranteak Mediterraneo aldean.
Horren aurrean, desobedientziaren aukera ere hortxe dago, eta horri ekin dio Ukraina aldean Yuri Sheliazhenkok. Gogorki ari da Zelenskiren gobernua desertore eta kontzientzia eragozleen aurka, eta berriki etxe barruko arrastatzea aplikatu dio Sheliazenzhekori, bere ahotsa isildu nahian.
Yuriren aldeko kanpaina zabaldu da Europa osoan. Bere alde, eta gerrari uko egiten dioten gazte guztien alde, bereziki Errusia eta Ukraina aldean. Atzo Sarasate pasealekuan egin zen bere aldeko kontzentrazioa, PSOEren egoitzaren parean, eta ez da kasualitatea bertaratu ziren gehienak Frontexen kontrako beste kontzentrazio batetik etorri izana.
Desobedientziaren beharra baitugu, azken batean, gatazka eta mugen militarizazioari aurre egiteko.