8 minutu gutxiago Castejón eta Gasteiz lotzeko. Ia 2.000 milioi euro balio duten 8 minutu. Horixe da Abiadura Handiko Trenak ekarriko digun abantaila.
Datu hau aurkeztu dute Nafarroako Parlamentuan egindako lan saio batean "Nafarroa trenaren alde" plataformako kideek. Datu hau, eta ikerketa sakon bat jasotzen duen txosten bat, zeinean Nafarroan burdinbide egiturak hobetzeko proposamen bideragarri eta sozial bat aurkezten den.
Burdinbide egiturak hobetu oraingoak konponduz, ingurugiroa gehiago kaltetu gabe, eta itxita dauden geltoki asko berriro irekiz, garraio sistema hau lurraldea eta biztanleria integratzeko tresna gisa erabiliz.
Azken batean, horixe da Nafarroak behar duen tren sarea, eta ez ingurugiroa suntsitu, lurraldeen arteko desorekak sakondu eta dirutza xahutzen duen Abiadura Handiko Trena.
Azken batean, ongi legoke 8 minutu horiek galtzea, guztiontzako eta naturarentzako onuragarri izango zen tren soziala lortu ezkero.